Loreez gain, landareentzako eta dekoraziorako osagarriak saltzen ditu bertan, «baina landareak eta lore moztuak dira gehien saltzen direnak». Salmentak «goi-denboraldiak eta behe-denboarldiak» izaten ditu, «urtero errepikatzen direnak»; udaberrian hasten da epe luzeena, «martxotik ekainera bitarte, kanpoko landareak saltzen hasten gara eta udaberriarekin batera jendea mugitzen hasten da, gainera amaren eguna eta ezkontzak hasten dira orduan». Uda «epe motelena» da salmentei dagokionez, «eta urrian hamabostaldi indartsua izaten da». Eguberrietan ere «mugimendua nabari da».
Beran «lehen ez zegoen loreak erosteko aukera aunitzik, orain gehiago erosten dira, opari erraza baita eta denei gustatzen zaiena». Pandemia egoera «ez da erraza izan, baina etxea apaintzeko barneko landare aunitz saltzen ziren orduan, orain, berriz, ezkontzako loreak gehiago saltzen dira». Loreak saltzeaz gain «oinarrizko aholkularitza» eskaintzen die Urrozek bezeroei, «baina landareen zainketa hagitz erlatiboa da lorearen arabera, non paratzen den, argiak ematen dion edo ez… baldintzak ez dira berdinak izaten».