Ttipi Txartela

«Erosketak egiteko eta saltzeko modua aunitz aldatu da»

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 3a, 12:00

1983an ireki zuen Fagoagak Zela kirol-denda Beran, «gordeta neukan diru pixka batekin», eta geroztik «pila bat» aldatu da; «erosketak egiteko modua, saltzeko modua…».

Lehen saltzen zuenaren arabera erosten zituen produktuak, «orain arrunt desberdina da, kristoren inbertsioa behar duzu aitzinetik eta zazpi-zortzi hilabete lehenago erosi behar ditugu hurrengo kanpainako gauzak».

Kirola egiteko jantziak eta osagarriak saltzen ditu gehienbat, baina baita janzteko arropak ere. Ongi funtzionatzen du dendak Beran, «baina egia da orain salmentak ez direla hain handiak, mantentzen ari gara». Urte aunitz dira lanean eta «esperientzia» daukate, «bezero gehienak herrikoak edo ingurukoak dira eta harremana ona da, jendearekin egotea gustuko dut eta konfiantza ematen dit. Alde horretatik kontent nago».

«Komertzio guztiei bezala», Zelari ere eragin dio koronabirusak. «Hala ere, egia da itxiera perimetrala izan zenean jendeak herrian erosten zuela eta kanpaina polita egin genuen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun