Bidasoa Ospitalean gertatzen ari denaz hitzaldia emanen dute gaur Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 9a, 11:00

Bidasoa Ospitaleko bloke-kirurgikoko langileek hartuko dute hitza gaur, ortzeguna, 18:30ean Lesakako Udaletxeko osoko bilkura gelan eginen duten solasaldian. «Zer ari da gertatzen Bidasoa Ospitalean? Zer dago jokoan?» izanen dute hizpide.

Joan den azaroaren 26an aurkeztu zuten Osasun Bidasoa Plataformak antolatu du solasaldia. Plataformak berak Gure osasunaren alde, SOS kirofanoak haunditu, berritu, hobetu lelopean manifestazioa deitu du heldu den larunbaterako, abenduaren 11rako. Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelak berritu bitartean, Osakidetzak Donostiara bideratu nahi ditu ebakuntza guztiak, eta proiektu hori geldiarazteko eskatu du plataformak. Manifestazioa Irungo San Juan Plazatik abiatuko da, 18:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun