Joan den azaroaren 26an aurkeztu zuten Osasun Bidasoa Plataforma Bidasoa Ospitaleko atarian. Hainbat elkarte bildu dira plataforman, bertzeak bertze, «Bidasoa Ospitaleak herritarren behar teknikoak eta osasun premiak arta ditzan eskatzeko», eta horrekin batera, «ebakuntza geletan egin behar dituzten egokitze lanek iraun bitartean, herritarren osasun beharrei erantzuteko» eskatzeko, «pazienteen artean nahasmenduak eragin ditzaketen eta beharrezkoak ez diren lekualdaketak saihestuz». Horrekin batera, «osasun langileen eskubideak errespetatzea» nahi dute, eta prozesu hau «Osakidetzaren, inguruko udalen, osasun langileen, sindikatuen eta herritarren parte-hartzearekin eta kolaborazioarekin» egin beharrekoa dela nabarmendu dute.
Bortzirietako ordezkariekin bilera
Bertzelako hainbat mugimendu ere sortu ditu proiektu honek. Change.org atarian, erraterako, sinadura bilketa irekia dute. Dagoeneko 4.000 lagunetik goitik egin dute obrek iraun bitartean ebakuntza gela guztiak ez ixtearen alde.
Bertzetik, Bidasoa Ospitaleko ordezkariak ortzegunean, abenduaren 9an, Bortzirietako udal ordezkariekin biltzekoak dira gaiaz solastatzeko.