Ile-apaindegi batean txoko bat eskaini zioten lehenbiziko, «eta aitzinera eginda, lana ongi zihoanez, garajea nuen lekuan txoko propioa muntatu nuen». Estetika produktuak badira bertan, baina ongizatera bideratzen ditu zerbitzu gehienak; «osteopatia kraneosakrala, masaje lasaigarriak, muskularrak… erlaxatzeko gehienbat. Estetika zentro batean larruazala lantzen da, kanpokoa. Ongizate zentroan barneko lanketa egiten da, barnetik kanpora». Ugartek artatzen ditu bezero guztiak zentroan, «baina laserra eta horrelako estetikako lanak egiteko kanpotik etortzen dira normalean».
Herritik baztertuta dago zentroa, «leku lasaian eta naturarekin lotua, etxekotasun giro lasaigarria sortzen duena. Hori da bezeroak bilatzen duena, berarentzako momentu berezi bat, barnea irekitzeko». Eskualdeko herri aunitzetako jendeak bilatzen du lasaitasun hori; «Bortzirietakoak, Malerrekakoak, Sarakoak, Zugarramurdikoak… Garrantzitsuena azkenean esperientzia partekatzea da, niri ongi egiten badit, zergatik ez dut zurekin partekatuko?».