Arantzako Kultur Egunak asteburuan borobildu dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 8a, 12:00

Aitzineko asteburuan hasitako hitzorduei asteburu honetan eman diete segida Arantzan. Euskara Batzordeak antolatuta, hainbat kultur ekitaldi izan dituzte. Larunbatean, Maddi Ane Txoperenak Ene baitan bizi da liburua aurkeztu zuen, igande eguerdian Patxi Bisquertek Ombuaren itzala proiektua izan zuen hizpide eta igande arratsaldean Ameli eta xirrikituen jostunekin ipuin-kontaketa saioa izan zuten.

Larunbat arratsaldean herritarrek liburutegian egin zuten hitzordua Maddi Ane Txoperena kazetari, idazle eta bertsolariarekin. Txoperenak Ene baitan bizi da bere lehenbiziko liburua izan zuen hizpide eta Gabi Goia eta Ixabel Danborienak egindako galderei erantzunez, liburuari buruzko hainbat argibide eman zituen.

Igande eguerdian, berriz, Patxi Bisquertek Pello Mari Otaño bertsolariaren (1857-1910) bizitza bildu nahi duen Ombuaren itzala filmaz solas egin zuen. Eta kultur egunak borobiltzeko, arratsaldean Amaia Elizagoien ipuin-kontalariaren eta Irati Celestino musikariaren eskutik, aski tarte atsegina pasatu zuten eskolako gimnasioan bildu ziren haur, gaztetxo eta helduek. Ondotik, guraso elkarteak txokolatea banatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun