Laraburuko bordako gaztak irabazi du Arantzako Baserritarren Eguneko gazta lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 2a, 10:00

Jendetza bildu da aurten 24. aldiz Arantzan egin duten Baserritarren Egunean. Horrez gain, asteburuan hainbat ekitaldi izan dituzte kultur egunen barrenean. Kultur egunek hurrengo asteburuan izanen dute segida.

Erantzun ederra izan dute asteburuan Arantzan egin dituzten kultur ekitaldiek. Atzoko eguna bereziki ederra izan zen. Osasun egoeragatik, joan den urtean azaroaren lehenean egiterik izan ez zen Baserritarren Eguna, ilusioz hartu zuten aurten herritarrek eta bisitariek. Bertako barazki, fruitu, zerriki, gozoki, talo, eskulan, oroigarri, tresna, azienda... erakusketa eta salmenta postu andana paratu zituzten. Aziendak plazan ikus zitezkeen: behiak, zaldiak, ardiak, ahariak... Gainerako erakusketa eta salmenta postuak, berriz, frontoian: baratzetako barazki eta fruitu freskoak, etxean eginiko zerrikiak eta gozokiak, eskolako eta institutuko ikasleen ikas-bidaiako postuak, guraso elkartearen egutegiak, herriko artisauen hainbat eskulan... Goiz pasa polita izan zuten bisitariek. Herriko trikitilari eta panderojole taldea ere hantxe izan zen, azoka gunea girotuz.

Ostatuan, berriz, tragoxka hartu eta pintxo beroak jateko aukera izan zen, eskolan egiten dituzten jardueretan laguntzeko sos batzuk biltzeko. 
 
Gazta eta ahari lehiaketak ere egin zituzten. Herritarrek zortzi gazta aurkeztu zituzten gazta lehiaketan eta epaile lanetan,  Leire Mitxelena, Jose Ramon Amoros, Jabi Etxebeste, Andoni Mitxelena eta Mikel Manzano aritu ziren. Laraburuko bordako gazta izan zen irabazlea eta Jon Altzuri Ekaitza Elkarteko lehendakariaren eskutik, Markel Jorajuriak hartu zuen 150 euroko saria;  bigarrena Otsarrako gaztarentzat izan zen, eta Maritxu Larretxeak hartu 100 euroko saria; hirugarren Serorenbordako gaztarentzat izan zen eta 60 euroko saria Jose Agustin Irigoienek hartu zuen.
 
Ahari lehiaketan, bertzalde, Oskozeneko ahariak lehenbiziko saria eskuratu zuen (50 euro) eta bigarren saria Martineko bordakoarentzat izan zen (25 euro). Ohitura den bezala, bertako produktuez osaturiko zarea ere zozketatu zuten eta Pottuneko Joseba Madariagari tokatu zitzaion. 
 

Kultur ekitaldi gehiago

Baserritarren Egunaren aitzinetik, bertzelako hainbat kultur ekitaldi izan zituzten Arantzan, euskara batzordeak antolatuta. Ortziralean Mendial hil, hirian hil dokumentala eman zuten liburutegian. Biharamun ilunabarrean, Andreina Jolin musika taldearen emanaldi ederra izan zen herriko etxeko gorapean eta igande arratsaldean, eskolako gimnasioan Erradikalak ginen antzezlanak ere harrera ezin hobea izan zuen. 
 
Heldu den asteburuan, oraindik ere ekitaldi gehiago izanen dira. Larunbatean, azaroaren 6an, Maddi Ane Txoperenaren Ene Baitan bizi da liburuaren aurkezpena izanen da 17:00etan  liburutegian. Igandean, azaroaren 6an, ekitaldi bikoitza izanen da. Eguerdian, Patxi Biskerten Ombuaren itzala proiektuaren aurkezpena izanen da eta arratsaldean, Ameli eta Xirrikituen jostunek ipuin-kontalariaren saioa 17:00etan eskolan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun