Atatxi hasi zen negozioarekin, Manuel Taberna; «zaldi eta karroarekin ardoa eta pentsua etxez etxe saltzen zuen egunero Alkaiagatik Zalain Zokora». Produktuak aunitz aldatu dira geroztik, «lehen ardoa eta gaseosa bakarrik saltzen zen, orain ardoak, garagardoak, likoreak, cava… aukera ugariagoa da eta kalitate hobea». Lehenbiziko markak eta bertako produktuak dituzte «Nafarroako ardoak, inguruko ura… hemengo produktuak saltzen saiatzen gara».
Whiskia eta ginebra modan daude orain, «eta ematen duenez, bermuta ere hasiko da». Hiri handietan hasten dira modak, Paris edo New York, adibidez. Gero hiri ttikiagotara joaten dira eta azkenean herrietara ailegatzen dira. «Mundu guztiko edariak» dituzte Tabernan, marka handi eta ttikiekin egiten baitute lan.