Ttipi Txartela

«Adin guztietako jendearentzako ariketak ditugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 21a, 12:00

Iratz UDAETA ZUBIETA, Berako Urdibera Kirol Zerbitzuak.

2018an hasi zen Iratz Udaeta Berako Toki Ona kiroldegian lanean. Bertan, bizimodu osasuntsu bat izan nahi dutenentzat aukera zabala eskaintzen dute: «neguko programa eta udako programa daukagu. Negukoa beti da zabalagoa, normalean hemengo jendeak instalazio itxietan nahi izaten baitu kirola egin. Udan kanpora gehiago ateratzen dira, mendira joateko eta bizikletan ibiltzeko ohitura handia baitago».

Neguko programa orain hasi da, irailaren 26ra arte zabalik daude izen-emateak eta urrian hasiko dute lehenbiziko hiruhilekoa. Aktibitate programan hainbat ekintza desberdin dituzte, «eta urtero ia gehienak ateratzen dira: zumba, strong, ciclo, pilates, cross training, GAP…» . Adin guztietako jendea mugiarazteko jarduerak dituzte «umeentzako hainbat aktibitate ditugu, eskola kirola sei urtetatik aurrera eta psikomotrizitatea 3-5 urtekoentzat». Gainera, aurten bi aktibitate berri aterako dituzte; stretching-a (luzaketak eta posturak lantzeko) eta crosskid-a (gaztetxoentzako, eskola kirola baino intentsitate altuagokoa). Nerabeentzako, berriz, gazte fitness eta gazte ciclo egiten dituzte. Honez gain, fitness salan bakoitza bere kabuz joateko edo monitore batekin entrenamendu pertsonalizatuak egiteko aukera ematen dute.

Udako jarduerak «gehiago igerilekuari begira antolatzen ditugu, igeriketarako aktibitateak haurrentzako gehienbat, helduen artean ez baitute arrakasta handirik izaten. Kiroldegian ere aktibitateak ateratzen ditugu, baina guttiago». Aurtengo udan 10 egunez itxi behar izan zuten osasun egoerarengatik eta nahiz eta kiroldegian eragin handirik ez izan «igerilekuan bai. Uda ongi hasi dugu baino 10 egun horiekin jendeak beldurra hartu zuen eta beherakada handia izan dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun