Ttipi Txartela

«Bortzirietako jendeak mantentzen gaitu bizirik»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 5a, 12:00

Berako Arturo arropadendako Mari Jose Ara.

Mari Jose ARA IGLESIAS, Berako Arturo dendakoa.

Denda eskualdatzean hartu zuen Mari Jose Arak 2000. urtean, ama erretiratzean. Familiako negozioa da Arturo, 1945etik Beran dagoena eta aurretik Lesakan. Lehen oihal-denda bat zen, ehungintza eta souvenirrak saltzen zituzten. «Ibardin ez zegoenean, turista aunitz etortzen ziren bitxiak, Toledoko nabalak… erostera. Baina beti saldu dugu ehungintza».

Gaur egun emakume eta gizonentzako arropa saltzen du, baita etxeko osagarriak eta barneko arropa emakume, gizon eta haurrentzako. «Produktuen aniztasunak mantentzen ditu bizirik herrietako dendak. Arropa barietate handia ekartzen dut baina kopuru murritzean, eta aniztasun horrek desberdintzen gaitu». Gainera, saltzen duen produktuen gehiengoa estatuan egina da «eta hagitz harro nago. Ekoizten duguna kontsumitzen ez badugu, akabo».

Pandemia «hagitz gogorra» izan da modaren sektorearentzako, «ostalaritza ixtean jendea ez da ateratzen eta beraz ez du arroparik erosten». Bortzirietako jendeak mantentzen du bizirik negozioa, «eskualde mailan pentsatu behar dugu eta bortz herriak elkarrekin egon behar dugu. Garaiak aldatzen ari dira, eta gure lana da haiekin batera aldatzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun