Atzo 19:00etan bildu zen langile batzordea enpresarekin, eta 22:00etan lortu zuten lan hitzarmena sinatzeko aurreakordioa. Langile batzordean ordezkaritza duten CCOO (3 ordezkari), UGT (3 ordezkari) eta LAB (bi ordezkari) agertu ziren aurreakordioaren alde. Juan Manuel Altzuarte UGTko ordezkariaren hitzetan, aurreakordioa «arras positiboa» da eta hitzarmena onartuz gero, «hainbat hobekuntza» izanen liratekeela uste du: «soldata guztiak igoko lirateke, pizgarriak eta gaueko plusa onartu dira... Orain dela hiru urteko lan hitzarmenarekin baino eskubide gehiago irabaziko dira». Gaineratu duenez, «ez dugu eskubiderik galdu eta guretako hori inportantea da».
Mikel Agirre LABeko ordezkariak ere aurreakordioa «hagitz ona eta arras positiboa» dela adierazi du: «Puntuz puntu denetan sartu da zuzendaritza eta hobekuntzak izan dira inolako lan baldintza eskubiderik baztertu gabe». Horrekin batera, «asanbladan babesa izaten badu greba bertan behera uzten ahal dela» erran du, eta hala, «arratsaldeko txandan lanean hasiko lirateke eta kamioirik atera behar izanez gero, goizean ere ahalbideratuko litzateke. Bezeroak materialaren faltan gelditzen hasiak ziren...».
ELAk (bortz ordezkari ditu), aldiz, ez du babestu aurreakordioa eta gaur 10:00etan egitekoa duten asanbladan aurreakordioaren kontra eginen duela iragarri du. Karmelo Conde ELAk lantegian duen ordezkariak eta langile batzordeko presidenteak TTIPI-TTAPAri erran dionez, «aurreakordio horrek ez ditu langileen kategorietan eta pizgarrietan dauden bazterketak alde batera uzten». Bere hitzetan, «egoera honek eragiten dien lankide guztiak ezin ditugu bazterrean utzi, eta horregatik asanbladan aurreakordioa ez berresteko eskatuko dugu».
Aurreakordioaren nondik norakoak
Soldata eguneratzea
- 2020an % 0.8
- 2021ean % 1
- 2022an KPI + % 1
- 2023an KPI + % 1
Pizgarria ere adostu dute lan txanden arabera. Horren arabera, lau txandakoei 2021eko urtarrilaren 1ean aplikatuko liekete igoera eta bortz txandakoei 2022ko uztailaren 1ean.
Bulegoko ordutegia
- Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra ordutegian malgutasuna.
- Sartzeko ordua 07:00etatik 09:00etara.
- Ateratzeko ordua 15:05etik 17:05era.
Gaueko plusa
Maila guztietan hiru euroko gaueko plusa izatea adostu dute.