Azken orduko aldaketarik ez bada, Zalain Transformados lantegian greba eginen dute uztailaren 15etik 22ra

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 13a, 16:00

Condesa Taldeko Zalain Transformados lantegian greba deitu du enpresa batzordeak, «lan hitzarmen duin baten alde». Babes zabala izan du deialdiak: alde batetik, enpresa batzordea osatzen duten sindikatu guztiek bat egin dutelako (ELAk  5, UGTk 3, CCOOk 3 eta LABek 2) eta bertzetik, langileen % 96k babestu duelako. Horren harira mintzatu dira Karmelo Conde ELAk lantegian duen ordezkaria eta enpresa batzordeko presidentea eta Mikel Agirre LABeko ordezkaria. Azaldu dutenez, astelehenean enpresarekin bildu ziren, eta atzo asteartea 16:00etan berriz bilerara deitu zituzten.

2020ko urtarriletik dabiltza negoziazioarekin bueltaka Zalaingo lantegian, 2017tik 2019ra bitarteko hitzarmena agortua dagoenez, berria adostu nahian. Baina joan den urtean, pandemia tarteko alde batera utzi behar izan zituzten negoziazioak. Agirrek eta Condek adierazi dutenez, «aurten hasi gara berriz negoziazioekin». LABekoaren arabera, «20 bilera egin eta gero, puntu batzuetan hurbiltasuna lortu dugu baina bertze batzuetan beraiek sartu nahi dituzten modalitate berri batzuk ez dituzte baztertzen». ELAkoak, bere aldetik, «Zalainen negoziazioak beti aunitz luzatzen» direla salatu du eta argi utzi nahi izan du «eskatzen duguna ez dela zentzugabea, eta taldeko bertze enpresetako baldintzak eskatzen ditugu».

Atzo zazpi orduko bilera eta gaur berriz

Enpresak deituta, bilera egin zuten atzo enpresa batzordeko kideek. Zazpi orduko bilera izan zela argitu dute Condek eta Agirrek. Conderen arabera, «langileen aldetik mugimendu handiak egin genituen akordio batera ailegatzeko». Baina gaineratu duenez, «enpresaren aldetik ez genuen borondaterik ikusi».  Agirrek ere atzoko bileran «ez genuen deus lortu», aipatu du: «Hurbildu ginen baina ez aski. Eskatzen dugunak gastu handia sortuko lukeela dio enpresak, eta ezin duela jasan».  Gaur berriz egin die bilerarako deia, 16:00etan.

ELAk neurri baztertzaileak salatu ditu

Condek «taldeko bertze enpresetako baldintzak» eskatzen dituztela nabarmendu du. Bertzeak bertze, «gaueko txandan bikoitza kobratzea» eskatzen dugu. «Aunitzetan gaueko txandan joateko eskatzen digute, igual ez dela lanik izanen baina badaezpada ere joateko, eta arratsaldeko txandan egin zitezkeen lanak egiten aritzen gara». Hala, «gaueko txanda bikoitza ordaintzeko eskatzen dugu, bertze enpresetan bezala».

Horrez gain, «neurri baztertzaileak» salatu ditu ELAkoak. «Egindako lanagatik lehen pizgarri bat kobratzen genuen eta hori kentzea adostu zen. Baina akordio horretan bazterketa handiak egiten dira. Bortz txandatara ari direnek hiru txanda egiten dituztenak baino guttiago kobratzen dute eta hori berdintzeko eskatzen dugu. Enpresak, ordea, hori ezin duela onartu erraten digu, baina urtean 37.000 euroz ari gara, langileriaren soldatetan 14 milioi euroko aurrekontua duen enpresa batean. Enpresako kotxeetan aunitzez ere gehiago gastatzen dute». Zenbaki gehiago ere mahai gainean paratu ditu Condek: «Legutioko langileen soldatekin konparatuz dagoen aldearen berri eman dugunean, Zalaingo langile bakoitzak urtean 6.000-10.000 euro guttiago kobratzen dituela ikusi dugu, eta orduak kontuan hartuta, 4.000-8.000 euro guttiago dira». Hori «onartezina» iruditzen zaio, eta «irabaziak partekatzeko» exijitu du.

«Langile guztioi egin digute xantaia, 'hau ez baduzu egiten, ez zara kategoriaz aldatuko'.

Karmelo CONDE, ELA sindikatua

«Bertze neurri baztertzailea» langileen kategorian ikusten du ELAk. «Zalainen 6tik 19ra bitarteko kategoriak daude, nahiz eta egiazki 8tik 15era baino ez diren erabiltzen. Taldeko bertze lantegietan ebentualen artean hiru kategoria baino ez daude, eta guk ere hiru kategoria nahi ditugu». Azaldu duenez, horrek «130.000 euroko gastua eskatzen dio enpresari». Hori horrela, «neurri baztertzaile horiek alde batera uztea» nahi du ELAk, «hartara, ez liokete langileei xantaiarik eginen kategoriaz aldatzearekin». Hain zuzen, behin eta berriz «langileei xantaia egin izana» salatu du: «Langile guztioi egin izan digute xantaia, ‘hau ez baduzu egiten, ez zara kategoriaz aldatuko’. Hemengo hitzarmenean ez dago bildua nola aldatu kategoriaz, baina Nafarroako metalgintzan arautua dago eta hori aplikatu beharko lukete. Hemen, ordea, ‘zuk lan egin, eta enkargatuari iruditzen zaionean kategoriaz igoko zara’  egin izan da, hau da, nahi dutena egin dute».

LABen ustez, bi puntu garrantzitsu

Agirrek oroitarazi duenez, «komiteko lau sindikatuak bat gatoz blokeo bat dagoela eta aurrerapauso handirik ez dela egin erraterakoan». Baina «bakoitzak bere ñabardurak» dituela oroitarazi du. LABen ustez, erraterako, «bi puntu dira garrantzitsuenak». Alde batetik, «soldata aldagarria» izatea kritikatu du: «Enpresak urte bukaeran sarrerak eta gastuak kontuan hartuz irabazi garbia zenbatekoa den jakiteko azterketa bat egin nahi du eta horren arabera egokitu nahi dute soldata». LABentzat, ordea, «hori ez da bidezkoa. Gu langile soilak baino ez gara eta nagusiek hartzen dituzten erabakien ondorioak ez daude gure esku. Ez genuke jakinen zein diru sarrera izanen genukeen hurrengo urteetan, eta erabaki hori bertzeen eskuetan dagoela ikusita, argi dugu soldatan galera handiagoa izanen genukeela». Horren aitzinean, LABek ondokoa proposatu du: «nahiz eta ez izan perfektua, enpresari behin eta berriz, soldata KPIa gehi adosten den portzentaje baten araberakoa izatea proposatu diogu, soldata ez dadila irabazien araberakoa izan».

«Behin eta berriz ari gara jende gehiago kontratatu behar dela aldarrikatzen eta enpresak gaudenok ordu gehiago sartzea nahi du».

Mikel AGIRRE, LAB sindikatua

Bertzetik, lanaldiaren kontua aipatu du Agirrek: «Enpresak egutegian malgutasuna izatea nahi du, egun gehiagotan lan egiteko, orduen poltsa deitzen dena». Baina bere ustez, «hori enpleguarentzako galera bat da. Behin eta berriz ari gara jende gehiago kontratatu behar dela aldarrikatzen, eta enpresak, aldiz, gaudenok ordu gehiago sartzea nahi du».

Ez hori bakarrik. «Pandemiaren aitzakiarekin gauzak estutu eta aldatu nahi izatea» leporatu dio enpresari: «Gure kasuan automoziorako saltzen dugu eta mundu osoan saltzen dugu. Euskal Herrian, estatuan edo Europan guttiago salduagatik, mundu mailan gehiago saldu dugu. Azken urte honetan arront ongi egin dugu, baina enpresa egoeraz aprobetxatzen ari da».

Mobilizazioak

Arrazoiak badituztela iritzita, eta azken orduko aldaketarik ez bada, ortzegunean hasiko dute greba eta uztailaren 22an bukatuko dute. Tartean 24 orduko geldialdiak eginen dituztela nabarmendu dute bai Condek, baita Agirrek ere. Horrez gain, azaldu dutenez, «egunero pikete informatiboak» eginen dituzte, eta «lehenbiziko egunean eta azkenekoan prentsaurreko bana». Greba bukatu aitzinetik bertze asanblada bat ere eginen dutela iragarri dute ELAko eta LABeko ordezkariek.

  • Uztailaren 15ean:
    •  05:30ean mobilizazioen hasiera. Informazio piketeak.
    • 09:00etan prentsaurrekoa Zalaingo sarreran.
  • Uztailaren 16an:
    • 07:30etik 09:00etara informazio piketeak.
  • Uztailaren 19an:
    • 07:30etik 09:00etara informazio piketeak.
  • Uztailaren 20an:
    • 07:30etik 09:00etara informazio piketeak.
  • Uztailaren 21ean:
    • 07:30etik 09:00etara informazio piketeak.
  • Uztailaren 22an:
    • 07:30etik 12:00etara informazio piketeak.
    • 09:00etan batzar orokorra.
    • 11:00etan elkarretaratzea eta prentsaurrekoa Zalaingo ateen aitzinean.

Enpresa mugitzeko esperoan

Gisa honetara «enpresa mugitzea» espero du Agirrek: «Hilabete aunitz daramatzagu negoziaketak egiten eta oraindik kasik ez dugu deus lortu. Puntu aunitzetan hurbildu gara, baina lotuak bakar bat ere ez. Gainera, euren puntuak ez dituzte mahai gainetik kentzen».

«Hemen dirua atera eta taldeko bertze enpresetan baldintza diferenteetan lan egitea onartezina da»

Karmelo CONDE, ELA sindikatua

Condek ere «enpresak proposamenen bat aurkeztea» espero du, eta aldi berean, bere ustez, greba da «zerbait lortzeko bide bakarra»: «Enpresak dio taldea gaizki dagoela baina joan den urtean Berriobeitiko lantegian gehigarri bat adostu zuten eta iaz enpresaren egoera berdina zen». Alde horretatik, «hemen dirua atera eta taldeko bertze enpresetan baldintza diferenteetan lan egitea onartezina» iruditzen zaio ELAkoari.

 

«Gu prest gaude negoziatzen segitzeko baina beraien ideiarekin segitzen badute guk ere gurearekin segituko dugu».

Mikel AGIRRE, LAB sindikatua

Bi sindikatuetako ordezkariek azpimarratu dute asanbladan langileen aldetik greba deialdiak lortutako babesa, «langileriaren % 96k babestu baitu». Horregatik «jendeak erantzutea» espero dute. Agirrek dioenez, «jendea borrokari eusteko prest dagoela ikusi dugu. Ez da garairik hoberena, udako sasoian jende pila oporretan dagoelako, baina gaudenak ahal duguna eginen dugu. Enpresa batzordean ere erabateko adostasuna dugu eta horrek ere laguntzen du». Gisa honetara, badu «zerbait lortzeko itxaropena: Gu prest gaude negoziatzen segitzeko baina beraien ideiarekin segitzen badute guk ere gurearekin segituko dugu. Horretarako borroka da aukera bakarra».

Condek ere garbi utzi du «ezin dugula esperoan segitu. 2005ean Condesak lantegia erosi zuenetik, beti aldarrikapenekin ari gara, eta inoiz ez dela momentua iritzita aldarrikapenak gibelatzen. Baina aski da, lan baldintza duinak nahi ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun