Gaur ere greba eguna dute Zalain Transformados lantegian

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 19a, 11:00
Zalain Transformados lantegiko langileak gaur goizean, enpresako sarreran. ELA sindikatuak utzitako argazkia.

Lan hitzarmen duina eskatuz, ortzegunean hasi zuten grebarekin segitzen dute Condesa taldeko Zalain Transformados lantegian. Gaur ere, 07:30etik 09:00etara lantegiko sarreran bildu dira eta ondoko egunetan ere goizetan bilduko dira eta horrez gain, ortzegunean, batzar orokorra egitekoa dute.

Enpresak deituta ortziralean egin zuten langile batzordeak eta enpresak orain arteko azken bilera. Karmelo Conde ELAk lantegian duen ordezkariak eta enpresa batzordeko presidenteak TTIPI-TTAPAri adierazi zionez, ordea, «ez zuen deusetarako balio izan».

Bilera horretan Rui Pinto Condesa taldeko zuzendaria bertan izan zen eta Juan Manuel Altzuarte UGTko ordezkariaren hitzetan, «bere ikuspuntua azaldu zuen». Hala berretsi du Mikel Agirre LABeko ordezkariak. Altzuartek azaldu duenez, langile batzordeak «bi proposamen egin zituen. Bat aho bateko proposamena, soldatak eguneratzeko, gaueko plusa ezartzeko, gehigarria onartzeko eta kategoria batzuk kentzeko eskatuz. Eta bigarrena gehiengoaren proposamena, aitzineko eskariekin baina kategorien alorrean aldaketa bat eginez». Enpresak, ordea, «kontraeskaintza bat» egin zuela dio, baina «langile batzordeak ez zuen onartu eta grebarekin segitzea erabaki genuen».

LABek, bere aldetik, ortziraleko bileraren harira, «enpresa mugitu dela» adierazi du, baina bere hitzetan, «ez da nahikoa izan». Mahai gainean dauden lau puntuak zein diren oroitarazi du: «soldata egokitzea, pizgarria, kategorien kontua eta gaueko plusa». Hain zuzen, «lehenbiziko hiru puntuetan dago blokeoa» LABen ustez. «Bi aldeak hurbildu» direla azaldu du, eta gaineratu duenez, «ez gara hagitz urruti» baina «ez da aski izan». Horrekin batera, ortzeguneko asanbladaren atarian, «langile batzordea bildu eta egindako bidearen inguruan hausnarketa egiteko» beharraz aritu da Agirre. 

Hurrengo hitzorduak

  • Uztailaren 20an:
    • 07:30etik 09:00etara informazio piketeak.
  • Uztailaren 21ean:
    • 07:30etik 09:00etara informazio piketeak.
  • Uztailaren 22an:
    • 07:30etik 12:00etara informazio piketeak.
    • 09:00etan batzar orokorra.
    • 11:00etan elkarretaratzea eta prentsaurrekoa Zalaingo ateen aitzinean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun