Koronabirusa

«Inoiz baino ardura gehiagoz» jokatzeko deia egin du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 14a, 10:30

Lesakako karrikak hutsik daude egunotan. Artxiboko argazkia.

«Pena handiz» ondoko bi asteetako kultur ekitaldi guztiak bertan behera utzi dituzte.

«Momentu gogorrak bizitzen ari gara, azken egunotan Lesakan Covid-19aren kutsatuak egunetik egunera gehiago dira, 100etik goiti azken astean eta dagoeneko 100.000 biztanleko 2.260ko intzidentzia tasa dugu. Herriko ia etxe guztietara ailegatu da bere eragina». Halaxe dio Lesakako Udalak argitaratu berri duen prentsa oharrak.

Egoerak eragindako «hausnarketak egin eta ondorioak baloratzeko» momentuak etorriko direla argitzearekin batera, «egoerari aurre egin behar zaiola eta inoiz baino ardura handiagoz jokatu behar dela» nabarmendu dute. Horretarako, osasun alorreko adituek emandako jarraibideak betetzeko eskatu dute: «pertsona ahulekin kontaktua saihestu, gizarte-elkarrekintzetan maskara erabili, sintomarik izanez gero bakartu eta osasun-zerbitzuekin harremanetan jarri».

Osasun etxean «froga eskari guztiei erantzuteko gogor» ari direla ere azaldu dute eta, hortaz, «eskerrak» ere eman nahi izan dizkiete «euren jarrera eta inplikazioagatik».

Kultur ekitaldiak bertan behera

Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuaren gomendioari jarraiki, «Lesakako Udalak hurrengo bi asteetarako programaturiko ekitaldi guztiak bertan behera uztea» erabaki du. Hortaz, «Sorginxulok antolaturiko udako zikloan iragarritako MICEren kontzertua, igandeko bertso saioa eta uztailaren 25eko muxikoak dantzaldia, baita Ziharka Sportek antolatutako XVIII. Rallysprinta ere bertan behera utzi dituzte».

Antolatzaileek egindako «lan handia» dela eta, «pena» dela adierazi dute: «ez da inoren gustukoa ekitaldiak ezeztatzea baina egoerak agintzen du, eta hari egokitu behar gatzaizkio» diote. Kultur taldeek «krisialdian» pairatutakoaz «kontziente» direla ere adierazi dute eta, hortaz, «data berriak zehazten» saiatuko direla nabarmendu dute.

Azkenik, kutsatuta daudenei «ahalik eta agudoen errekuperatzea» desio dizuegu: «etxean konfinatuak zaudetenei gure animoak bidali nahi dizkizuegu. Beti aitzinera, zainduz zeure burua eta zeure ingurua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun