Transexualitatea

«Ulertu edo ez, errespetua eskatzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 10a, 09:00

Alex Irazuren eta Josune Irastorzaren alaba lau bat urterekin hasi zen mutila ez zela ulertzeko «lehenbiziko pistak» ematen.

Josune Irastorza eta Alex Irazu, zakila duen zortzi urteko alaba baten gurasoak.

Ez da erabaki bat, ez sentimendu bat, ez kapritxo bat, ez euren aukeraketa. Badakite nor diren, garbi dute gainera. Gehienetan mutilek zakila dute, eta neskek alua, baina ez da beti horrela. Badira zakila duten neskak eta alua duten mutilak. Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteak dioen bezala, «giza aniztasunaren bertze adierazpen bat baino ez da. Jaioberriaren genitalak begiratzen dira bere sexua zein izanen den asmatzeko, ohartu gabe ezin ebatzi ahal izanen dugula kontu hau haurrak solas egiten hasi eta 'neska naiz' edo 'mutila naiz' erraten duen arte».

Irastorzaren eta Irazuren bidea

Josune Irastorzari eta Alex Irazuri haurdunaldian jakinarazi zieten «bikietako biek zakila zutela» eta hala pentsatu zuten «biak mutilak izanen zirela». Baina ez zen hala izan. Xabatek lau bat urte zituela eman zizkien horrela ez zela ulertzeko «lehenbiziko pistak». Bere amaren hitzetan: «anaia bikiarekin konparatuz, jostatzerakoan bertzelako interesak zituela ikusten genuen. Panpinak, silletak, sirenatxoak... gustatzen zitzaizkion eta joko sinbolikoan beti emakumearen edo neskaren papera hartzen zuen. Ez genion garrantzirik eman, zergatik ez zuen jostatu behar jostailu horiekin edo jolas horietan?».

«Gero eta gehiago hasi zen neska dela erraten»

Josune IRASTORZA, ama

Baina «gero eta gehiagotan bere errealitatea zein zen adierazten hasi zen. Eta egun batean hauxe erran zigun: 'ama, ni neska naiz'. Lehenbiziko aldian, zakila zuenez, mutila zela erantzun genion». Haurra «gero eta maizago» hasi omen zen neska zela adierazten eta amak, orduan, «hagitz ongi» iruditzen zitzaiola erantzuten zion. «Modu honetara Xabat lasai gelditzen zen eta gu ere bai». Baina, «denborarekin  bere gorputzari buruz hausnartzen eta ondorioak ateratzen hasi zen. 'Zakila izan beharrean alua izatea gustatuko litzaidake' bezalako esaldiak erraten hasi zen.».

Bortz urterekin gehiagora joan zen, «guk bera neska bezala ikusi ahal izateko hainbat eskaera egiten hasi zen. Adibidez, belarritakoak paratu nahi zituela, ilea luzatzen utzi nahi zuela...». Ez hori bakarrik: «triste ikusten genuen eta orduan konturatu ginen zerbait pasatzen zela, ez zela bolada edo kapritxo bat». Ez omen zen garai erraza izan: «momentu hartan gaizki pasatu genuen, bortz bat hilabetez egunero-egunero gaiari buruz solastatu ginen».

Egun haietako batean, «telebistan Naizen elkartearen berri izateak» ireki zizkien begiak: «Momentu hartan, informazioa behar genuen, Xabatek behar handi bat zuela ikusten genuen, baina ez genekien nola lagundu eta Naizen elkartera deitzea erabaki genuen». 
Hantxe topatu zuten behar zuten «babesa»: «Naizen guretzat argi izpi bat izan da, hasieratik lasaitu gaitu», dio Irazuk.

Gehiago ere bai: «zakila izaten ahal duten neskak edo alua izaten ahal duten mutilak badirela ulertzeko» bide eman die elkarteak:  «Kasu gehiago badirela ikusi dugu, bertze familien testigantzak aditu ditugu, Xabaten egoeran dauden bertze haurren berri izan dugu... Eta horrek aunitz lasaitu gaitu, baita Xabat ere. Bere irria izan da horren erakusle».

Naizen elkartearen bideokliparen aurkezpenean hartutako irudia. 

Trantsitua

Hori ulertuta hasi zuten bidea, «lehenbizi etxean alabari bera zena izaten utziz»: «Aunitzez ere alaiago ikusi genuen eta egoerari buelta eman ziola eta loratu zela ikusteak aitzinera egiteko indarra eman zigun».

Hurrengo pausoa familiari jakinaraztea izan zen. Aitaren hitzetan, «atatxiri eta amatxiri, amonari eta attonari erran genien. Bakoitzak bere modura, baina denek ulertu zuten, eta denen errespetua sentitu genuen».

Eskolara jo zuten gero: «zuzendaritzarekin bilera eskatu genuen eta beraien babesaz gain, laguntzeko borondatea erakutsi ziguten. Baina ikasturte bukaera zenez, Hezkuntza Departamentuak halako kasuetarako ezarria duen protokoloa irailean abiatzea erabaki genuen». Uda «egoera barneratzeko» baliatu zutela dio aitak, «Xabati bera zen bezalakoa izateko askatasuna eman genion eta aunitz ikasi genuen». Eta irailean  «protokoloa aktibatu eta Hezkuntza Departamentuak sexologoa bidali zuen eta lehenbizi irakasle, laguntzaile eta langile guztiek eta gero, Xabaten gelako haurren gurasoek formazioa hartu zuten».

Irazurentzat «hunkigarria» izan zen: «Etxetik kanpo erraten genuen lehenbiziko aldia zen eta kezkatuta geunden, baina hagitz ongi hartu gintuzten». Amaren arabera, «Xabatek motxila handia kendu zuen gainetik, nahiz eta ordurako lagunartean zerbait aipatzen hasia zen, eta guk ere bai».  Osasun zerbitzuan ere babestuak sentitu ziren: «pediatrak hagitz ongi ulertu zuen eta Transbide pertsona transexualen arreta egokia bermatzeko zerbitzuaren berri eman zigun».

«Transitua eginda aunitzez alaiago ikusi dugu»

Josune IRASTORZA, ama

Gainerakoan, egunerokoan, aldaketa ttiki batzuk egin behar izan zituzten. Tartean, arropa: «hasieran soinekoak, ile luzea eta belarritakoak eskatzen zituen. Baina bere aldarrikapena onartua izan zenetik belarritakoak, soinekoak eta abar, bigarren mailara pasatu ziren ». Izena, berriz, ez du aldatu: «berarentzat izen hori aukeratu genuela eta hori mantentzea nahi duela errana digu, baina aldatzen ahal duela adierazi diogu». 

Nerabezarora begira

Bi urte eta erdi pasatu dira geroztik, eta «hasiera gogorra» izan zela onartu du amak, «aldaketa handia» izan zelako, «bereziki geure buruan egin beharrekoa». Horixe da, hain zuzen, bi gurasoek nabarmendu dutena: «aldaketa guk egin behar dugu, ez haurrek. Horregatik erraten da trantsitua egin behar dugunak gu garela, gu garelako nor diren ikusten ez dugunak; beraiek ederki dakite».

Bidean «beldurra» sentitu eta «galdera aunitz» izan dituztela ere onartu dute, «gehienak aurreiritzien ondorioz»: «Ezjakintasunak beldurra, galderak eta kezka sortzen ditu. Nola eginen dugun aitzinera, zer gertatuko zaion hemendik urte batzuetara, gizarteak nola hartuko duen, nola sentituko den...». Galdera aunitz, denak ere «ez dugulako nahi alabak sufritzea. Onartua ez izateak sufrimendua eragiten ahal dio eta...».

Nerabezaroak ere kezkatzen ditu, «garai honetan gorputz aldaketarekin hasten baitira. Momentu horretara ailegatzean, Xabaten nahia errespetatuko dugu, orain egin dugun moduan. Berak horrela eskatuz gero, badakigu Transbide zerbitzuak blokeadore eta hormona tratamendua ahalbidetuko diola gure alabari».

«Gaiaz ez bada solastatzen ez da existitzen»

Alex IRAZU, aita

Hortik aparte, aldaketak alderdi guztietan egitearen garrantziaz aritu da Irazu, «hezkuntzan, administrazioan... eguneratu beharra dago». Izan ere, «oztopoa beti pertsonak garela» uste du: «Nafarroako Foru Legeak transexualitate egoeran dauden pertsonak babesten ditu, eta lehenagotik dagoen bertze lege batek sexu izendapena aldatzea ahalbidetzen du. Baina eskaera guztiak pertsonek tramitatzen dituzte, epaileen eskuetatik pasatzen dira, eta erabakia hartu behar duen pertsonaren arabera bidea errazagoa edo zailagoa da».

Errespetua

Kezkak kezka, alaba kontent ikusteak asebetetzen ditu: «berak modu naturalean bizi izan du dena, baita bere lagunek ere, eta kontent bizi da». Amak harro gaineratu du «Xabat hagitz neska alaia dela, gustura dagoela eta konfiantzaz gainezka dagoela». Aitak ere «erabat integratua» ikusten du, «ez dugu arazorik izan eta kontent gaude».

Baina bide horretan, «gizartearen onarpena gakoa» iruditzen zaie: «horrek baldintzatzen du aitzinera erraz egin ahal izatea. Zenbat eta oztopo gehiago izan, orduan eta zailagoa da». Horrekin batera, «gaia ongi azaltzearen garrantziaz» aritu da Irazu: «gaiaz ez bada solastatzen ez da existitzen. Horregatik gaude hemen, Xabaten alde gure ekarpena egin nahian». Gizarteak «ez dela gaitz bat, ez dela patologia bat» ulertzea nahi dute: «Diferentzia bakarra gehiengoa ez izatea da, baina hori da aniztasuna. Garrantzitsuena pertsona da, eta hori baloratu behar da». Horregatik errespetua eskatu dute: «Jendeak ulertuko du edo ez, baina errespetua eskatzen dugu, minik ez ematea, bertzerik ez». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun