Transexualitatea

«Seme-alabengan konfiantza izan behar dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 10a, 10:00

Nerea Fernandino, alua duen zortzi urteko mutiko baten ama.

Ez da erabaki bat, ez sentimendu bat, ez kapritxo bat, ez euren aukeraketa. Badakite nor diren, garbi dute gainera. Gehienetan mutilek zakila dute, eta neskek alua, baina ez da beti horrela. Badira zakila duten neskak eta alua duten mutilak. Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteak dioen bezala, «giza aniztasunaren bertze adierazpen bat baino ez da. Jaioberriaren genitalak begiratzen dira bere sexua zein izanen den asmatzeko, ohartu gabe ezin ebatzi ahal izanen dugula kontu hau haurrak solas egiten hasi eta 'neska naiz' edo 'mutila naiz' erraten duen arte». 

Fernandino, zortzi urteko semearen ama

«Egia da mutil gehienek zakila dutela, eta neska gehienek alua, baina denek ez. Nire semea alua duen mutila da, baina ez da hori bere identitate bakarra. Hori baino gehiago da». Halaxe hasi da Nerea Fernandino.

«Mila modutan adierazi zigun mutila dela»

Nerea FERNANDINO, ama

Iker jaio gabea zenean, «tripa barrenean genitalak ikusita neska zela erran ziguten». Baina agudo konturatu ziren «mutilentzat kontsideratuak diren jokoetan, kamioiekin, baloiarekin... ibiltzen zela». Arroparekin ere «borroka handiak» izaten zituztela dio: «ez zuen deus arrosa jantzi nahi izaten, ez zuen gonarik edo soinekorik nahi, ile motxa nahi zuen, ez zuen mototsik edo gantxorik nahi...». Horiek izan omen ziren «hasierako seinaleak». Gurasoek, berriz, «arropa horiek jantzita edo ile motxa edukita neska izaten ahal zela erraten genion».

Baina, «bertze modu aunitzetan» adierazten hasi omen zen mutila zela. Horren adibide, «rolak» aipatu ditu: «eskolan antzerkia egitean beti mutilaren papera aukeratzen zuen, mozorrotzean ere bai, Eguberrietan mutilez jantzita joan nahi zuen...». Halako batean,«neska-laguna zuela erraten» hasi zela kontatu du amak: «homosexuala izanen zela pentsatu genuen eta listo». Eta gero, «ez dut ama izan nahi bota zigun. Ama izatea ez dela derrigorrezkoa erran genion, baina garaia ailegatzean erabakiko zuela, eta bi ama izaten ahal zirela... Baina harrituta begiratu zigun eta, bera aita izanen zela erantzun zigun». Orduantxe konturatu ziren «arroparen kontua huskeria» zela, eta «bertze behar batzuk» zituela: «'mutila izan nahi dut' erraten zigun; berak mutiltzat tratatzea nahi zuen». Eta halaxe egin zuten. 

Naizen elkarteak aurten estreinatu duen bideoklipetik hartutako irudia.

«Mutila dela badio, horrela da»

Naizen elkartera jotzea erabaki zuten eta «adituen eta egoera beretik pasatu diren gurasoen aldetik, bai Iker semeak, baita guk ere, babesa eta segurtasuna sentitu ditugu». Ez hori bakarrik: «segidan argi utzi ziguten haurra bera adierazten ari zitzaigula zer zen, hori ezin duela kanpotik bertze inork erran. Eta hala da. Berak horrela badio horrela da, berak bakarrik daki hori, nahiz eta ttikia izan. Mutil batek badaki mutila dela, baina ez zakila duelako, horrela dela badakielako baizik. Gure semeak mutila izan nahi zuela erraten zuen, alua izanda ezin zuela uste zuelako».

Egoera hartan erran zioten «alua duten mutilak ere badirela» eta horrek aunitz alegeratu omen zuen: «'Bihar bertan ikastolara joan eta irakasleekin eta lagunekin solastatu nahi dut', aipatu zigun. Denbora gehiago behar genuela erran genion, eta berak 'ba etzi' erantzun zigun. Denek mutila dela jakitea eta ikustea nahi zuen».

Bide horretan hasi ziren trantsitua egiten, duela bi urte, «lehenbiziko familian eta gero ikastolan» erranez. Eta «ez familian, ez herrian ezta ikastolan ere, ez dugu arazorik izan». Are gehiago, «ikastolan eta lagunartean primeran» dabilela gaineratu du Fernandinok: «Hasieran, baten batek alua izanda ezin zuela mutila izan komentatu zion. Normala da aukera hori badela ez badakite azaldu behar izatea. Baina lagunei berdin zaie zakila edo alua duen. Beraientzat bat gehiago da; maite dute eta babesten dute». 

Suizidio saiakera-tasa handia

Haurtzarotik bere identitatea onartuta «sufrimendua aunitz saihestu» dutelakoan dago Fernandino: «Kasu anitzetan nerabeak direnean erraten dute, lehenagotik ez direlako ausartu, gurasoek ez dutelako onartu, ez dakitelako zer pasatzen zaien, ez dakitelako aukera hori dagoenik... eta nerabezaroan dena zailagoa da». Horrekin lotuta, suizidio saiakera-tasa ekarri du mahai gainera: «sufrimendu horrekin lotuta, suizidio saiakera-tasa %39koa da. Eta hori onartezina da».

Horregatik, «semearengan edo alabarengan konfiantza izatea» ezinbertzekoa iruditzen zaio: «gehienetan gure kezkak dira, baina denak desberdinak gara eta hau ere aniztasunaren parte da. Gainera, gaiari gero eta ikusgarritasun gehiago ematen ari zaio eta uste baino errazagoa da. Naizenen edo nahi duten elkartean laguntza eska daiteke».

«Ziur gaude bide egokia hartu dugula»
Nerea FERNANDINO, ama

Fernandinori alua duen semea duela onartzea ez zitzaion gogorra egin. «Ez zen bat-bateko kontua izan, prozesu bat izan zen eta ikusten genuen. Mila modutan adierazi zigun mutila dela. Beharbada trantsitua egiten hasi ginenean bertze gairik ez zela ikustea nekagarria izan zen, familian, ikastolan, lagunartean... denei erran behar izan baikenien, baina ez zitzaidan zaila egin».

Aitortu digunez, «izen aldaketa uste baino gehiago kostatzen ari zaigu». Duela aste batzuk aldatu zuen izena Ikerrek eta «berriz denei erraten aritzea nekagarria» iruditzen zaio, «Ez da lotsa, baina pereza pixka bat ematen du denei Iker dela erraten aritzea. Bertzea pasatu zen bezala, hau ere pasatuko da».

Oraindik izen aldaketa ez omen dute formalizatu, baina badaki «jendeak mila buelta eman behar izaten dituela kontu horrekin. Berez, legea denean berdina bada ere, herriaren arabera, errazagoa edo zailagoa da aldaketa, erabakia pertsona baten esku dagoelako». 

Kezkak

Semea «primeran» ikusten du amak, eta «egoera naturaltasunez bizi duela eta bere egoera normaltasunez esplikatzen duela» dio. «Argi erraten du ez dela mutila sentitzen, bera mutila dela». Hala ere, Fernandinok baditu bere kezkak. «Gehienbat gizarteak» sortzen dio ezinegona: «orain arte eskolan ongi moldatu da, ez du inolako arazorik izan eta arras erraza izan da, baina nerabezaroan burlak edo baztertzeak izaten ahal dituela pentsatzeak kezkatzen nau...».

Gehiago ere bada: nerabezaroko tratamendua. «Idealena bere gorputza den bezalakoa onartzea izanen litzateke, eta berez, aniztasunaren alde baldin bagaude, ez dugu zertan aldatu. Gorputzak anitzak dira eta aluarekin, bularrarekin eta hilerokoarekin ere mutila izaten ahal dela onartu behar genuke, baina hori onartzetik urruti gaude. Guk ez dugu semeak sufritzea nahi, eta berak eskatuko balu tratamendua egin beharko genuke: blokeadoreak, hormonazioa... Hori gehiago kostako zaidala iruditzen zait».

Naizen elkarteko haurrak Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Yogurinha Borovarekin. 

Eta hutsuneak

Osasun eta hezkuntza arloko profesionalen artean sumatzen duen hutsuneaz ere aritu da: «irakasleak, medikuak, endokrinoak, psikologoak... formatu behar dira. Gezurra dirudi, baina bada blokeadoreak lortzeko arras-arras gaizki pasatzen ari den jendea. Mesfidantza sumatzen da. Haurrak endokrinoari adierazi behar dio zer nahi duen, baina haurrak ezezagun batean aitzinean blokea daitezke eta ez dira ongi azaltzeko gai... Kontsultako denbora mugatu horretan ez badu behar dena erraten, oztopoak izan ditzake». Horren harira, suizidio-tasa aipatu du berriz: «blokeatzaileak edo hormonazio tratamendua gehiegi luzatzen dutenen artean ere sufrimendua jasanezina izan daiteke».

Gizartean ere sumatzen ditu «gabezia» batzuk, horietako aunitz, «ezjakintasunagatik».  «Orain arte uste zen mila pertsonatik bat transexualitate egoeran egoten ahal zela, baina berriki egin den ikerketa baten emaitzak dio ehunetik bat izan daitekeela. Segur aski, tarteko zerbait izanen da, baina uste baino aunitzez ere gehiago! Naizenera gero eta familia gehiagok jotzen dute». Horrekin batera, azken urteotan izan den «aldaketa handia» nabarmendu du: «Lehen ez zitzaigun burutik pasatzen alua duen mutilak edo zakila duen neskak izan daitezkeela. Gaur egun, badakigu aukera hori badela. Baina, oraindik nabari da jendeak ideia batzuk ez dituela barneratu».

«Dena ez da kezka izan, aunitz ikasi dugu»

Nerea FERNANDINO, ama

Berari gertatutakoak jarri ditu adibidetzat: «gurekin solasean, gurea semea edo alaba zer den adierazteko zalantzan ikusi dugu jendea, segur aski hanka-sartzeko beldurragatik. Baina ez dezatela dudarik izan, gurea semea da. Edo, asmo onez, Iker mutila sentitzen dela ere erran izan digute, baina ez da sentimendu kontua, bera mutila da». Horrez gain, «badira gaiaz gurekin solastatzera ausartzen ez direnak». Haiei adierazi nahi izan die «errespetuz egiten den aldiro ez dudala arazorik, eta areago, gustatzen zaidala azaltzea, hori delako jendeak ulertzeko eta onartzeko egin behar dena». 

Hartutako bidearekin «ziur»

Fernandinok ez du zalantzarik:  «Egiten ari garen bakarra bidelagun izatea da. Berak argi du zer den eta guk berarengan konfiantza dugu. Beraz, bide egokia hartu dugunaren zalantzarik ez dugu». Eta «epaitua sentitu ez» bada ere, «baliteke norbait gibeletik epaitzen aritu izana edo oraindik aritzea. Baina ez gaitu kezkatzen».

Sinetsita dago ongi ari direla eta ez hori bakarrik, «pila bat» ikasteko aukera izan duela gaineratu du: «uste dut lehen ere ez nuela jendea epaitzen, baina orain kontzienteago naiz ez dela inor epaitu behar, nolako bizitza eta heziketa izan duen, edo nolako motxila duen jakin gabe, are gutiago, ezagutu gabe. Aniztasunaren koloreak zein diren ikasi dut, denak desberdinak garela eta errespetua denei zor zaiela».

Gizartean «ezjakintasuna» sentitu arren, «ulertzekoa» iruditzen zaio, «gai ezezaguna baita, eta horregatik da hain garrantzitsua ikusgarritasuna ematea». Hortik haratago, «jende eskuzabala, atsegina, ulerkorra eta laguntzeko prest dagoena aurkitu» duela ere azpimarratu du: «Dena ez da kezka izan, prozesua aberatsa izan da eta bidean gauza aunitz ikasi eta hartu dugu».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun