Ttipi Txartela

«14 urteren ondotik markaren itxura berritu nahi nuen»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 7a, 10:00

2007an ireki zuen Lesakan optika Naiara Alberrok, «aurten 14 urte beteko ditu». Lankide batekin hasi zen, laguntza izateko, baina urtebetera bakarrik segitu zuen eta «horrela egon naiz orain arte, orduak emanez ongi moldatzen naiz».

Alberro ez dago ziur zergatik hasi zen; «egia da nire karreran ikaskide aunitzek etxean optika bat edo optikoren bat izaten dutela eta horregatik sartzen direla, baina nire kasuan ez». Atentzioa eman zion eta Madrilera joan zen lau urtez Optika eta optometria ikastera. Ondotik, «bi urtez aritu nintzen lanean Iruñeko optika batean eta gero hemen nire aldetik muntatu nuen Intzuri».

Optometria aldetik «konpletoa» da Intzuri; graduazioak, begi tentsioaren neurketak, lentillen egokitzeak… denetarik egiten du. Honez gain, betaurreko graduatuak, eguzkitakoak, prismatikoak, estazio meteorologikoak eta horrelako elementuak ere baditu. «Betaurrekotan bereziki, eguzkitakoak zein graduatutakoak, aukera zabala dut, kirolerako eta denetarako».

Sare sozialak zaintzea gustuko du Alberrok; «gaur egun aunitz saltzen dutela uste dut eta irudi txukuna ematea garrantzitsua da». Orain, itxura aldaketa bat egiten ari zaio markari, «14 urteren ondotik logoa berritu nahi izan dut, forma berdina da baina eguneratua; kolorea, testura, tipografia...». Optika barnean ere aldaketak egiten ari da; «eskaparateko muebleak, mahaiak… itxurari begira dena eguneratzen ari naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun