Emakumeentzako arropa saltzen dute batez ere, baita bitxiak eta poltsak ere. Honez gain, dekoraziorako produktuak ere badituzte; saskiak, kandelak, argazkietarako markoak… «Badago jendea oparitxo bat egin nahi duena baina ez dakiena zer egin, edo arroparekin asmatuko ote duen, eta horrelako gauzak gustura hartzen dituzte». Hala ere, «gehien saltzen dena arropa da».
Tokian tokiko denda txikien inguruan galdetzean, herriari «bizia eta argitasuna» ematen diotela dio. «Ematen dugun zerbitzua beti denda handiena baino hurbilagoa da, elkar komunikatzen gara bezeroekin, zer moduz dauden galdetzen diegu… eta nik behintzat, arropa etxera eramatea uzten diet lasai ederrean probatzeko etxean dituzten osagarri edo oinetakoekin. Hori izan daiteke abantaila bat.»
Gaur egun, arroparen ekoizpen gehiena Txina, India eta horrelako herrialdetan izaten dela dio Zubietak, «nahiz eta gero guri saltzen digutena hangoa ez izan, estatuko enpresena baizik». Hortaz, bertze lekuetako arropa ekartzen saiatzen da Xulufraian; «Katalunia aldean badaude josten ibiltzen diren enpresak, Portugalen ere… lan baldintza duinetan egiten diren arropak ekartzen saiatzen naiz». Hala ere, «hor prezioa igotzen da, eta dagoen egoerarekin ez da erraza. Gainera, arropa merkeegi erostera ohitu gaituzte, eta hori aldatu egin beharko genuke».