1997an hasita, Espainiako boleibol selekzioarekin lau urtez egon zen fisioterapeuta gisa, neska nahiz mutilekin; «liga akabatzean selekzioan jokalari hoberenak elkartzen ziren, martxotik irailera arte, eta haiekin Europa guztitik bidaiatu nuen lau urtez. Esperientzia hagitz ona izan zen, bai profesionalki bai pertsonalki».
Kontsulta ireki zuenetik, Bortzirietako jendeaz gain, Baztan, Malerreka eta inguruko jende aunitz joaten zen. Hortaz, 2017ko maiatzan Donezteben bigarren zentro bat irekitzea erabaki zuen, «pazienteei lagundu eta honat etortzea errazteko». Karlos bakarrik arduratzen da bi zentroez; Beran astelehen, asteazken eta ortziraletan egoten da eta Donezteben astearte eta ortzegunetan.
Pandemiaren ondorioz, jendeak hasieran joateko beldurra zeukala dio; «normala da, nire negozioan hurbiltasun hagitz handia dut bezeroekin». Covid kontrako neurriak hartzen ditu Karlosek beti, baina hala ere, «kontaktua zuzena da eta beldurra hor dago. Ez niregatik, ni ja egin naiz, baño jende pilari aunitz kostatu zitzaion». Gaur egun, «zorionez, jendea aunitz etortzen da» dio Karlosek, «betiko martxan» ari da lanean.