«Haurrekin lehiaketetan gabiltzanetik motibazioa haunditu egin da»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 25a, 08:00
Iñaki Portuk, Anjel Urtxegik eta Lander Seinek gidatu dituzte Igantziko neska-mutikoak Nafarroako Herri Kirol Jokoetan.

Iñaki Portu, Anjel Urtxegi eta Lander Sein, Nafarroako Herri Kirol Jokoetako Igantziko taldearen entrenatzaileak

Ezuste ederra eman zuten Igantziko neska-mutikoek martxoaren 28an Antsoainen jokatutako Nafarroako Herri Kirol Jokoen finalean. Izan ere, ez bat eta ez bi, proba konbinatuetako hiru txapelak ekarri zituzten herrira. Garaipen historikoa, dudarik gabe. Gaztetxo hauekin  lanean aritzen diren Anjel Urtxegi, Iñaki Portu eta Lander Sein entrenatzaileekin egon gara egiten duten lana ezagutzeko.

Noiztik ari dira Igantziko gazteak herri kiroletako jokoetan parte hartzen?

15 edo 16 urte dira Igantziko Herri Kirol taldea lanean ari garela, Federazioak gonbita luzatu zigun haurren taldea osatzeko eta gure entrenamenduez gain haurrak entrenatzen hasi ginen.

Parte hartu nahi duten gazteen artean, nola aukeratzen duzue proba bakoitzeko egokiena?

Beraiek aukeratzen dute zertan dauden erosoen, zer proba gustatzen zaien gehien. Puntu konpetitiboa ere badute eta badakite bakoitza zertan den hoberena, garaile ateratzeko.

Zenbat egunez entrenatzen duzue?

Aurten astean bitan entrenatu dugu. Bertze urteetan eskolako 'multikirolak' ekintzaren barrenean azkeneko hiru-hilabetean herri kirolak lantzen zituztenez, astean behin entrenatzen genuen. Baina ez dugu pista gehiegi eman nahi...

Dirulaguntzarik jasotzen duzue?

Beti La Caixaren laguntza izan dugu. Aurten bai udalean baita La Caixan ere eskakizuna egina dugu eta esperoan gara jasotzeko. Horrekin fitxak, arropak... ordaintzen ditugu.

Noiz hasi zineten entrenatzaile lanetan?

Porttu orain dela 15 urte, hasiera hartan. Orduan herri kiroletako bertze taldekideekin batera. Gero Joxean Ortega lagun zutela ere ibili ziren eta Joxean bera bakarrik ere aritu zen pare bat urtez. Lander eta Joxean elkarrekin ere ibili ziren eta geroztik hirurak gabiltza.

Hasi zinetenetik honat, aldaketarik edo hobekuntzarik izan duzue?

Hobekuntza gutti. Poliki-poliki, materiala erosten joan gara. Beti izan dugun gabezia lokalarena izan da. Materiala altxatzeko eta entrenatzeko leku bat beharko genuke baina ez dugu. Herriari eskatu zaio urteetan baina ez dago guretzako lekurik. Beti lokal pribatuetan ibili gara. Orain Xeberen granjan, antzinago herri kiroletako kide baten etxean… Motibazioa handitu dela nabaritu dugu. Lehen gurasoak bidalita etortzen ziren haurrak eta orain beraien gogoz datoz.

Gerora begira, zein da zuen asmoa?

Etorkizuna ikusten diogu herri kirolei. Uda aldera eginen den  Nafarroako arpana txapelketarako bizpahiru bikote prest izanen ditugu. Aukera hau probestuz, eskerrak eman nahi dizkiegu bai haurrei, baita beraien gurasoei ere, emandako konfiantzagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun