Nafarroako Herri Kirol Jokoetan txapel guztien jabe egin da Igantzi

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 30a, 08:00

Kimu, haur eta kadete mailako Igantziko taldeek lortu dute garaipen historikoa proba konbinatuan, martxoaren 28an Antsoainen jokatutako azken jardunaldian

Ezuste ederra eman zuten Igantziko neska-mutikoek martxoaren 28an Antsoainen jokatutako Nafarroako Herri Kirol Jokoen finalean. Izan ere, ez bat eta ez bi, proba konbinatuetako hiru txapelak ekarri baitzituzten herrira. Garaipen historikoa, dudarik gabe.

Kimu mailan (11-12 urte) izan zuen lehia estuena Igantzik Araxesekin, baina 10 ehunengatik lortu zuen garaipena herriko taldeak. Igantzik 6 minutu, 39 segundo eta 54 ehunen behar izan zituen lana burutzeko eta Araxesek 6 minutu, 39 segundo eta 64 ehunen. Berriozar A taldeak osatu zuen podioa (7:03) eta Antsoain B izan zen laugarren (7:23)

Haur mailan ere (13-14 urte) Igantzi izan zen txapeldun (09.13), Araxes bigarren (09.29), Berriozar hirugarren (09:35) eta Antsoain A laugarren (09:50)

Kadete mailan (15-16 urte), azkenik, ligaxka moduan jokatu da txapelketa. Azken jardunaldira puntu gehienarekin Igantzi ailegatu zen eta, zalantza guztiak uxatzeko, azkenekoan ere Igantzi ongi gailendu zen, Berriozar, Antsoain eta Txantrearen aitzinetik. Igantziarren 10 minutu eta 32 segundo behar izan zituzten, 4 puntuak eskuratzeko; Berriozar izan zen bigarren (11:05) eta 3 puntu eskuratu zituen, Antsoain hirugarren (12:05, 2 puntu) eta Txantrea laugarren (12:57, puntu 1).

Sailkapen orokorra ere berdintsu gelditu zen: Igantzi izan zen txapeldun 15 punturekin, Berriozar bigarren 15 punturekin, Antsoain hirugarren 12 punturekin eta Txantrea laugarren 7 punturekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun