Ttipi Txartela

«Kanpaina hau bukatzean ez dut neguko kanpainarik eginen»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 15a, 12:00

Rosa Lasaga Bixkiak arropa-dendako arduraduna, aurten erretiratuko da

2005ean ireki zuen Rosak Bixkiak arropa-denda Lesakan, «azaroaren 19an, segituan harrapatu ninduen krisiak» dio txantxetan. Kirola egiteko arropa eta bakeroak saltzen hasi zen, batez ere. Hala ere, denborarekin eskaintza zabaltzen joan da eta moda ere saltzen du gaur egun. Aurten hartuko du erretiroa.

Produktuen salduenen inguruan galdetzean, «gehien bat kiroletako arropa» saltzen duela dio; «Astore markako mikropanazko galtzak pasada bat saltzen dira, Ternua, Astore eta marka horietako kamisetak ere». Gainera, duela pare bat urte marka berri bat sartu zuten, Arrasateko Hika, «hagitz ongi saltzen dena». Pandemia garaitik aitzinera, modako arroparen eskaera aunitz jautsi da, kirolarena, berriz, ez. «Eguberritan, adibidez, dena kiroletako arropa, galtzak, emakumeendako elastikoak…» berdin-berdin saldu direla dio.

Laster erretiratuko da Rosa, «kanpaina hau akabatzean ja ez dut neguko kanpainarik eginen». Kanpainaren ondotik, merkealdia hasiko da, eta bukatzeko likidazioa. Negozioaren etorkizunari buruz, «norbaitek errentan hartu nahi badu ederki, eta erosi nahi badu, hobe» dio. Ez litzaioke lokala hutsik uztea gustatuko, «herria deus gabe gelditzen da; Ttipi Txartela daukat, Denok bat txartela, Toptopan sartu naiz…pena da dena bertan behera uztea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun