Nafarroan trantsizio energetikoa eta garapen berriztagarria demokratikoki planifikatu ahal izateko prozesu sozial bat ahalbidetzea eskatu diote Gobernuari eta Parlamentuari Nafarroa osoko hainbat taldek eta plataformak gaur Iruñeko Katakrak elkartean egindako agerraldian, tartean Lesakako Endara Bizirik taldeak. Bitartean, erakunde sinatzaileek «gaur egun tramitatzen ari diren instalazio eolikoen, fotovoltaikoen eta lotutako azpiegituren administrazio-prozedura guztiak berehala eten daitezela» eskatu dute.
Endara Bizirik taldearekin batera, A tomar viento-Esteribar Bizirik, Gazteluzar (Leoz), Haize Berriak, Olaibar Bizirik, Urbasa-Handia bizirik plataforma, Salvemos Eguesibar zain dezagun eta Salvemos El Perdón 4.0 Erreniega Salba Dezagun sinatu dute manifestua eta dagoeneko jaso dituzte lehen atxikimenduak: EHNE sindikatua, Ecologistas en acción, Lurra Nafarroa, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Iruñeko Ekologistak Martxan, Extintion Rebellion Pamplona/Iruñea…
Komunikatua
Berotze globalaren ondorioak hemen daude. Egungo hazkunde- eta kontsumo-ereduak, planeta egoera larrian jarri dute, bertako ekosistemei eta biodibertsitateari kalte kritikoa eraginez, eta gizarteen bideragarritasuna eta milioika pertsonarentzako bizitza duin eta justua izateko aukerak zalantzan jarriz.
Parisko akordioaren helburua zen tenperatura globala 1,5 grado zentigradotik gora ez igotzea, klima-aldaketaren arriskuak eta inpaktuak murrizteko. Hori saihesteko, aurrekaririk gabeko trantsizioa behar da energia-sisteman, garraioan, industrian, nekazaritzan, gure eguneroko bizitzan...
Testuinguru horretan, trantsizio ekologiko eta energetikoa planteatzen ari da, energia berriztagarrien iturrien azpiegituren hedapen zabalean oinarrituta. Espainiako estatuan, oro har, instalazio berriztagarrien proiektuen garapen masiboa eta eskala handikoa gertatzen ari da, eta Nafarroak ez dio joera horri ihes egiten.
«Inpaktu larria eragingo duten proiektu berri eta ugari daude tramitazioan Nafarroan»
Gaur egun, berriztagarrien bidez energia elektrikoa sortzeko proiektu berri eta ugari tramitatzen ari dira gure erkidegoan: Erriberako, Lesakako, Lizarrako (Urbasa-Andia), Lizoain-Arriasgoitiko, Esteribarko, Olaibarreko, Ezkabarteko, Eguesko Haraneko, Anotzibarko, Erdialdeko Eremuko (Valdorba, Ujue, Murillo el Fruto, Tafalla, Artajonako) parke eolikoak eta eguzki-poligonoak Erreniaga, Erriberrin,… Ahaztu gabe Erribera osoan han-hemenka egin nahi dutenak.
«Proiektu horiek egiteak inpaktu larriak eragingo ditu ekosistemetan eta finkatu nahi diren komunitateetan», diote sinatzaileek. «Nekez geldiaraziko dituzte adierazitako arazo klimatikoak.Trantsizio energetikoak, ekologikoki eta sozialki eraginkorra izan dadin, ezin ditu alde batera utzi energia berriztagarrien inguruan nahita ezkutatzen ari diren zenbait datu:
- Aldizkakoak dira eta ez daude kontzentratuta; beraz, azpiegitura askoz gehiago instalatu behar dira behar den energia-ekoizpena lortzeko.
- Oro har elektrizitatea ekoizten dute, baina gaur egun Nafarroan kontsumitutako energiaren % 20 baino ez da kontsumo elektrikoa. Horrek esan nahi du ekonomia goitik-behera berregituratu behar dela, eta hori ez dira planifikatzen ari.
- Eta, gainera, berriztagarriek mineralak erauztearen mendekoak izaten jarraitzen dute; horietako asko urriak dira, eta energia asko eta ingurumen-inpaktu handia behar dute horiek lortzeko.
«Berriztagarriak ez dira nahikoak gaur egun kontsumitzen dugun energia kantitateaz hornitzeko»
Horregatik, talde hauek uste dute «trantsizio teknologiko soila ez dela gai berez berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko. Berriztagarriak ez dira nahikoak gaur egun kontsumitzen dugun energia kantitateaz hornitzeko. Beharrezkoa da kontsumorako xahutze horri modu planifikatu eta demokratikoan aurre egitea, edo bestela errealitate gordina inposatu egingo da eta kontsumoa murriztu egingo da, indarrez eta plangintzarik gabe».
Baina, gainera, berriztagarrien hedapena behar bezala planifikatzen ez bada, gure beharrei eusteko gai izango ez den lurralde bat aurkituko dugula uste dute: «Esan dugun bezala, teknologia berriztagarriek muga materialak eta espazialak dituzte Nafarroan eta Nafarroatik kanpo. Eta horiek garatzeak presio berria dakar lurraldean, lur-eremu handiak behar baitira, inpaktu larriak eraginez nekazaritzan, paisaian, biodibertsitatean, ekosistemetan eta beste alderdi askotan».
Horregatik guztiagatik, erakunde sinatzaileek «argi eta garbi esan nahi dugu trantsizio ekologikoa ezin dela soilik egin teknologia fosilen ordez teknologia berriztagarriak erabiliz. Gure apustua produkzio deszentralizatuan eta instalazio berriztagarri txikietan oinarritzen da, lurralde-antolamenduarekiko bateragarritasun handiagoa ahalbidetzen baitute, kontsumo-zentroetatik hurbil daudelako, bai eta energia-eraginkortasuna hobetzea eta energia-kontsumoa murriztea ere, egungo xahutzearekin jarraitzea eragin gabe».
«Eztabaida sozial zabala abiararaztea beharrezkoa da»
Une erabakigarri baten aurrean gaude, Nafarroan makina bat eskala handiko berriztagarrien proiektu ugari ezarri nahi dute. «Testuinguru horretan, gure ustez, beharrezkoa da eztabaida sozial zabala abiaraztea inplikatutako estamentu guztien eta herritarren artean», diote talde hauek; «eta erabakitzea ea gizarte gisa jabetzen garen larrialdi klimatikoaz; ea prest gauden ingurumen- eta gizarte-balioak interes ekonomikoen gainetik jartzeko; ea ahalegina egingo dugun gure gizartearen behar energetikoak eta materialak murrizteko; ea prest gauden gure kontsumo- eta bizimodu-ohiturak aldatzeko; ea Nafarroa, hausnarketatik, lasaitasunetik eta plangintza demokratikotik abiatuta, trantsizio energetikoaren eredu bat izan daitekeen, edo estatistiketan energia berriztagarriaren ekoizle soil gisa baino ez den agertuko; ea jabetzen garen berriztagarriek ere mugak dituztela, edo teknologia hutsa arazo guztien konponbidea dela pentsatzen jarraitzen dugun; ea herritar gisa gure energia sortzeko prozesuan parte hartu nahi dugun, udal eta herri mailako boterea indartuz, kontsumitzaileak babestuz».
«Gero berandu izango da»
Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen aurreproiektuak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko oinarri sendoak ezartzen lagun zezakeela uste dute, «egungo energia-eredua aldatzeko aukera paregabea. Baina ez da horrela izan. Eta gainerako ingurumen-legedia ez da nahikoa, energia berriztagarrien makroproiektuen kopuruari aurre egiteko.
Berotegi efektuko isuriak murrizteko helburuak garaiz betetzeko beharrak, energia-enpresen gose ekonomiko neurrigabeak eta energia berriztagarrien azpiegituren hedapen itzela gauzatzeko plangintzarik ezak arazoa areagotzen lagun dezakete, arazoa arindu beharrean. Eta gero berandu izango da».