Bere gurasoen ondotik berak hartu zuen etxeko martxa eta kirol-denda gisa ezaguna da orain Berako Agara. Gaur egun, Mari Paz emaztearekin batera, moda eta kirol artikuluak saltzen dituzte, arropak eta osagarriak, kirol-oinetakoak eta botak… Lehen, Gure Txokoa eta Beti Gazte Futbol taldeendako baloiak «kajaka» ekarri zituztela kontatu digu eta, garai batean, Gure Txokoaren ekipazio osoa prestatu izan zutela.
Nafarroan zabalik dauden arma-denden artean, Agara zaharrena dela kontatu digu. «Atautxi ari zen eskopetekin. 1928ko paperak ikusi izan ditut» zehaztu digu Franek. Nabari zaio eskopetak eta ehiztariendako produktuak gustuko dituela eta, batez ere, konpontzen ibili izan dela kontatu digu baina, orain, «eskopeta zaharrak konpontzen praktika falta» duela aitortu digu. «Gaur egun kontrol ikaragarria dago eta auditoria gogorrak pasatu» behar izaten ditu. «Dena zehaztasun haundiarekin eraman behar da. Oraingo eskopeta berriak ez dira lehengoak bezala, eta beharrik! Lehen konpontzeko manera izaten zen eta orain eskopeta marka ezagunei gehiago interesatzen zaie eskopeta berriak saltzea zaharrak konpontzea baino. Hala ere, 1.500 euroko eskopeta bat saltzea ikaragarri kostatzen da. Konparazioan, seguru naiz errazago saltzen dela prezio horretako bizikleta bat eskopeta bat baino».
Arrantzaleendako gauzak ere aunitz saldu izan dituzte Agaran, baina ikusten duenagatik, «orain izugarri jautsi da afizioa. Arrantzan ibiltzea erdi debekatua eduki dute eta gaur egun arront gazte gutti da arrantzale. Beran arrantzale on aunitz izan dira baina gazteei ez zaie ikasteko aukerarik eman eta ederki nabari da» azaldu digu Agarak.
Urteak badoaz aitzinera eta erretiroa begi-bistan du Franek. «Hemendik 2-3 urtera erretiroa hartuko dut eta laster likidazioarekin hasi beharko» duela aurreratu digu.