Bidasoko suteen ikerketa hasi du Gipuzkoako Fiskaltzak, Eguzkik eskatuta

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 11a, 20:00

Ustezko delitu baten ondorio izan daitezkeela iritzita, otsailaren 20 eta 21eko suteak ikertzeko eginbideak hastea erabaki du Gipuzkoako Fiskaltzak. Sute horretan 1.800 hektarea kiskali ziren Bera, Lesaka, Irun, Urruña, Azkaine eta Sara artean eta, Eguzkiren ustez, fiskaltzaren erabakia «Eguzkik aurkeztutako salaketa bati eta Aldundiak eginiko txosten bati erreparatuta» etorri da.

Eguzkik prentsa-ohar baten bitartez adierazi duenez, «nahiko zantzu daude pentsatzeko Nafarroan, Gipuzkoan eta Lapurdin ia 2.000 hektarea kiskali zituzten suteak nahita piztutakoak izan zirela. Are gehiago, Lapurdiko herriek dagoeneko bide penalari ekin diote».

Elkarte ekologistak azpimarratu duenez, kiskalitako mendiek bi ezaugarri komun dituzte: titulartasun publikoa eta abeltzaintzako erabilera, eta, beraz, «ikerketa lerro zehatz hori has liteke». «Nolanahi ere, –dio Eguzkik– XXI. mendeko Euskal Herrian, mendiari su emateko praktika neolitikoak ohikoa izaten jarraitzen du».

Sute horiek biodibertsitateari egiten dioten kaltea izugarria dela azpimarratu ondotik, Eguzkik gogorarazi du, «gehien sufritu zuten lekuen artean Natura 2000 sareko hiru Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE)» daudela, «zehatz-mehatz, Larrun eta Xoldokogaina, Bidasoa ibaia eta Aiako Harria».


Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun