Fernando Mikelarena historialariari babesa eta elkartasuna adierazi dizkio Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 2a, 13:00
Berako Udalak herrian «horrelako historialari bat izateaz» harro dagoela adierazi du.

Arturo del Burgok, Jaime Ignacio del Burgo UPN-PPko diputatu ohiaren seme eta Jaime del Burgo Torres zenaren biloba denak, kereila kriminal bat paratu dio Mikelarenari. Honen aurrean Berako Udalak «kereila hori kentzea edo ezeztatzea» eskatu du. 

Salaketa

Del Burgoren salaketa, Fernando Mikelarena beratarrak Sin piedad, limpieza politica en Navarra 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores liburuan Jaime del Burgo erreketeen buru izan zela publikatu izana hartzen du oinarri. Izan ere, Jaime del Burgo Torresek, 1936ko gerraren testuinguruan, Esteban Ezcurraren lekua hartu zuen erreketeen gidaritzan.

Bere gidaritzapean  Nafarroan izan den errepublikanoen erailketarik handiena burutu zen. Erailketa masibo hau Tafallako saka izenez ezaguna da, zeinean 1936ko urriaren 21ean Monrealen 64 pertsona fusilatu zituzten. Aipatu bezala Fernando Mikelarenak gertakari ilun hau gertatu zenean, Jaime del Burgo Torres erreketeen buru zela frogatu zuen eta aipamen hori egin Sin piedad, limpieza politica en Navarra 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores liburuan eta duela hilabete batzuk argitaratutako Saca de Tafalla Monreal de 20-10-1936 artikuluan.

Berako Udalak Mikelarenaren bertze bi maisulan ere azpimarratu nahi izan ditu: Muertes Oscuras. Contrabandistas, redes de evasión y asesinatos políticos en el país del bidasoa 1936, eta La desmemoria de los vencedores Jaime del Burgo, Rafael García Serrano y la Hermandad de Caballeros Voluntarios de la Cruz.

Udalaren babesa

Berako Udalak salaketa hau «onartezina» dela adierazi du. «Mikelarena ibilbide luze eta izen handiko historialaria da» eta hau frogatzen duten «hainbat sari jaso» dituela jakinarazi du. «Bere ikerketak zehaztasun zientifiko handiz eginak eta argudiatuak direla» defendatu du Udalak. «bere lana beti ebidentzietan eta dokumentuetan oinarritua, frogatua eta arrazoitua» izaten dela aldarrikatuz. Gainera, «Beran 1936ko gerran gertatutakoak berari esker dakizkigula» aditzera eman du.

«Harro gaude herrian horrelako historialari bat izateaz eta eskerrak ematea bertzerik ez zaigu gelditzen». Berako Udalak argi adierazi du Mikelarenari esker «1936ko gerran izan ziren errepresaliatuen alde egia, justizia eta erreparazioaren bidean hainbat aurrerapauso» eman dituela Nafarroako gizarteak. Baina, zoritxarrez, «ez dute denek bide hau gustuko, eta Arturo del Burgoren salaketa horren lekuko da». Udalaren iritziz «jarrera hauek atzerapausoa bertzerik ez dira elkarbizitzaren aldeko bidean. Batzuk nahiago dute irabazleen ahanzturan sakondu eta omertarekin jarraitu» hau da, «gerra ondoren Nafarroan inposatu zen isiltasunaren legepean».

Aipagarria da, «oraindik ehunka gorpu daudela desagertuak edozein bide bazterrean lurperatuak. Hauen omenez eta oraindik sufritzen ari diren senideen omenez, lanean jarraitzea bertzerik ez zaigu gelditzen» Bertzalde, udalkideek Fernando Mikelarenaren «ausardia ere goraipatu eta eskertu» nahi izan dute, «1936an matxinatuek indarkeria nola erabili zuten, eta indarkeria horien arduradunak nortzuk izan ziren» argitara ekarri dituelako. Beraien ustez, «Nafarroako gizarteak eskubidea du benetan zer gertatu zen jakiteko» eta berriz gertatu ez dadin «belaunaldi berriek egia jakin behar dute».

Azkenik, «hainbat historialari eta eragilek egin duten bezala» Berako Udalak ere «lan historiografikoaren judizializazioa arbuiatzen du» eta «kereila hori kentzea edo ezeztatzea» eskatu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun