JON ALTUNA

«Kristoren inpotentzia sentitu genuen, itzali nahi eta ezin deus egin»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 1a, 13:00

Jon Altuna, Berako suhiltzaile boluntarioa.

Aitzineko larunbat goizeko suak denbora gutian indar eta hedadura handia hartu zuten. Horrela, Berako Montoia eta Sarralla inguruan hasi bazen ere hego haizearen laguntzarekin, segidan ondoko herrietara ere ailegatu zen. Egoera larri honetan, bere burua boluntario gisa eman zuen Jon ALTUNAren testigantza bildu du TTIPI-TTAPAk.

«Bertze sute batzuk itzaltzen ibilia naiz, baina sekula hedadura honetako sute batean». Horrela, mintzo da duela bi urtetik suhiltzaile lanetan dabilen Jon Altuna Ansola beratarra. «Larunbatean praktikak genituen, eta 10:00 inguruan Ibardin aldean genbiltzan depositu bat ikuskatzen». Praktika lanetan zebiltzanean «SOSetik mezu» bat jaso zuten, eta «mezua jaso bezala kea ikusi genuen». Altunak argi adierazi du «orduan ez genekien zer heldu zitzaigun gainera». Hasieran, goizean zazpi lagun baziren ere, eguerdirako bertze lau gehitu zitzaizkien.

Suhiltzaile beratarrak azaldu duenez «suarentzako egoera bikaina zen». «Hezetasun gutxi, oteak zein larreak, lekuaren irisgarritasun eza» eta honi «haize handia» gehituta, hondamendiaren hasiera izan zen. Haizearen ondorioz, hegazkin eta helikopteroek ezin izan zuten aireratu eta horrela, suak hedadura handia hartu zuen denbora gutian.

Asteburukoa jardun luze eta gogorra izan zen. Larunbatean «egun osoan» aritu zirela aipatu du Altunak «gaueko hamarretan suhiltzaile batzuk etxera joan ziren igande goizerako deskantsatzera». Bertze batzuek berriz, «goizeko hirurak arte aritu ginen Lesakako Eskolamendi aldean». Etxera deskantsatzera joan baziren ere, «igandean goizeko bederatzietarako» berriz ere Lesaka aldera joan zirela adierazi du.

Kalteei dagokionez, Jon Altuna beratarraren iritziz mendi eta larreez gain «animali aunitz erre dira, baita zuhaitz landaketak ere». Orain, «udalak erabaki beharko du hemendik aitzinera zer egin beharko den».

Azkenik, herriaren aldetik «laguntza handia» jaso dutela azpimarratu nahi izan du gazte beratarrak «bai palekin baita sua jotzekoak eskatuz». Horretaz gain, herriko hainbat gazte «4x4 ibilgailuekin laguntzeko prest» azaldu direla gaineratu du. Altunak sute honetan «laguntza guztia guti» izan dela adierazi badu ere, eskerrak eman nahi izan dizkie «asteburu honetan itzaltze lanetan lagundu duten profesional, boluntario eta herritar guztiei».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun