Koronabirusa

Berako gazteak eta batez ere helduak masiboki joan dira COVID-19aren proba egitera

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 31a, 16:00

Argazkiak: Izaskun REKARTE BENGOETXEA

12 eta 29 urte bitarteko gazteen eta 60 urtetik goitiko helduen artean, 1.200 herritar baino gehiago deituak zeuden gaur COVID-19aren antigeno testa egitera. Proba egin eta emaitza negatiboa dutenek, 15 minututan hartu dute mezu bat sakelako telefonoan berri ona emanez. Positiboa izanez gero, aldiz, osasun-langile bat arduratu da telefonoz deitu eta emaitzaren berri emateaz. Eguerdira arte, positibo bakarra atzeman dute.

Txertaketaren operatiboa 16 osasun-langilek osatu dute. Kopuru horri 20 boluntarioren lana gehitu behar zaio, antolaketan, logistikan, informazioa ematen eta pertsonen mugimendua laguntzen aritu den boluntario-taldea, hain zuzen.

Baheketatik kanpo utzi dituzte azkeneko hamar egunetan PCR bat egin dutenak, bai eta azken hiru hilabeteotan PCR edo antigeno test batean emaitza positiboa izan dutenak ere. Joan den ortzegunean Toki Ona institutuko 60 irakasle eta langileri egiten zieten baheketa eta guztiek negatibo eman zuten.

40 positibo azkeneko bi asteotan

Urtarrilaren 15etik 30era, 40 positibo atzeman dituzte Beran, egunero gutienez kasu 1 eta gehienez 5 kasu artean. Intzidentzia horrekin larrituta, Osasunbideko agintariak Udalarekin harremanetan jarri ziren baheketa hau egiteko eta, hartara, hedapena lehenbailehen kontrolatu ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun