Axun Elizalde Ariztegi

«Fisikoa garrantzitsua da baina burua hotz mantendu behar da»

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 31a, 09:00

EITBko 'Baserria' saioan parte hartu du Axun Elizalde etxalartarrak.

Axun ELIZALDE ARIZTEGI, Etxalarko baserritarra

Amaiurren grabatu zen Herri txiki, infernu handi saioan azaldu zen Axun Elizalde Ariztegi etxalartarra eta baserriko lanak egiteko bere abileziagatik EITBk estreinatu duen saio berrian parte hartzeko dei egin zioten, eta berak erronka onartu zuen.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Pertsona alaia, nahiko urduria, langilea eta bi umeren ama naiz. Jaiotzez etxalartarra naiz, nahiz eta aspaldi Amaiurren bizi.

Zein dira zure zaletasunak?

Azienda eta baserriko bizimodua aunitz gustatzen zaizkit, baina ni aspaldian joana naiz baserritik. Etxalarren, gurasoen etxean, behi esnedunak genituen, baina gurasoek aspaldi saldu zituzten etxekoek baserriko martxarekin segitzeko asmorik ez genuela ikusirik. Hala ere, Amaiurren kasik bi urtez igandetan behiak jezten aritu naiz. Diru truke aritu banaiz ere, afizioa nuen.

Zer da Baserria saioa?

Baserria saioa, niretzat aukera bat izan da. Momentu horretan hagitz estresatua nengoen. Konfinamenduan umeekin, bortz eta hiru urtekoak, etxean egon nintzen eta gainera, lana utzi nuen. Momentu gogorra izan zen  eta aukera hau eskaini zidatenean nire errutinatik ateratzeko ihesbide gisa ulertu nuen.

Saioaren grabaketa noiz hasi zenuten?

Grabaketa irailaren 28an hasi genuen. Saioan sartzeko parte hartzaile guztiek PCR proba egin behar izan genuen eta gero han denak maskararik gabe ibili ginen eta niretzako ikaragarrizko askatasuna izan zen. Ni hagitz maitekorra naiz, besarkadak ematea aunitz gustatzen zait eta bertan askatasun hau izan nuen. 

Zein proba mota egiten zenituzten?

Probetako bat gurdi batekin oztopoak gainditzea zen, bertze batean, malda batean zeuden kalabaza batzuk hartu behar izan genituen eta ondotik pisatu, ardiak itxituretan sartu… Batez ere, jarduera fisikoak egin ditugu. Eta niretzat saioak izan duen makurrena hori izan da. Denbora aunitz pasatzen duzu saioa grabatzen, baina proba egin ondotik ordu aunitz pasatzen genituen deus egin gabe. Esperoan zinen eta bat-batean probarekin hasten zinen, zerotik ehunera segundo gutitan, eta hori arront gogorra egin zait. Ehuneko ehuna eman behar duzu eta nik igual, zentzu horretan, ez nuen espero zena eman, nerbioak tarteko zirela. Gainera, kamera aitzineko presioa handia da. Herri txiki, infernu handi saioan dena ongi antolatua dago. Zuretzat ezaguna den leku batean eta zu prest zaudenean zure abileziak erakusten dituzu.  Dena aitzinetik prestatua eta lotua duzu. Aldiz, Baserria saioan modu inprobisatuan proba batzuetan lehiatu behar duzu. 40 minutuz proba grabatzen duzu eta gero, ahantzi egiten zara. Gainera, saioa leku arrotzean jende ezezagunarekin gauzatzen da. Baina esperientzia hagitz polita izan da. Nik negar pila egin dut. Hustu naiz, baina hori behar nuen.

Aipatu duzunez, saioan ez zenuen zuk eman izena…

Ez, Amaiurko Herri txiki infernu handi saioan agertu nintzen. Ez zidaten deus abisatu, EITBkoek Amaiurko alkateari deitu eta honek nire telefono zenbakia eman zuen niri deus erran gabe eta ezusteko handia izan zen. Baina bueno, niri ez zait inporta, hagitz jende artekoa naiz.

Zuzenean baserritarren taldean sailkatu zintuzten...

Nik aipatu nien ttikitatik baserrian hezia nintzela, baita duela 15 urte ez garela bertatik bizi ere. Baina «zu baserritarren taldean egonen zara» erran zidaten eta horrela sailkatu ninduten. Bikoteak sortu zizkiguten, baserritar bat eta kaletar bat. Eta berarekin ongi eraman behar zenuen. Egia erran, ez nuen ezberdintasun handia sumatu nire eta kaletarraren artean.

Zein izan da proba zailena?

Zailena gurdiaren proba izan zen, hagitz fisikoa baita. Hori garraiatu beharra lohiarekin… Eguraldiak ere ez zuen sobera lagundu, lehen egunean ona egin bazuen ere, gainerako egunetan euria eta hotza egin zuen, eguraldi guztiz kaxkarra. Fisiko handia eta indarra duenak errazago egiten zituen proba hauek, baina, ni nire 50 kiloekin, mugatuago nengoen.

Zein dira saioan parte hartzeko behar diren gaitasunak?

Nik beti pentsatu dut fisikoaz gain zeure burua gainditzeko nahia dela garrantzitsuena. Nire kasuan, ez dut hau egin inori deus demostratzeko, nire ingurutik atera eta zerbait ezberdina probatu nahi nuen. Fisikoak laguntzen du, noski, baina, burua ere izan behar duzu. Burua hotz mantentzen jakin behar da, proba aztertu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun