Lesakako txakur parkea erabilgarri da abenduaren 31tik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 31a, 07:00

Landazelaietan, suhiltzaile parkearen eta Andra Mari Zahar Etxearen gibeleko aldean Lesakako udalak egokitu duen Landazelaieta txakur parkea erabilgarri dago abenduaren 31tik aitzinera. 08:00etatik 22:00etara erabil daiteke, horretarako prestatu den araudia errespetatuz.

Honela, atea beti itxita mantendu behar da eta txakur batek liskarren bat sortzen badu bertze txakur batzuekin, txakurra berehala atera beharko da parketik. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak muturrekoarekin egon beharko dute. Ezin izanen dira sartu araldian dauden txakurrak, ezta lepoko hortzdun, elektriko edo itogarriak dituztenak ere. Txakurraren jabeak txakurraren gorotzak jaso beharko ditu eta txakurrak hiri-altzarietan edo bertzeengan eragiten ahal dituen kalteen erantzulea jabea izanen da.

Gogoratu behar da txakurrak eta bertze etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza ere onartu duela udazken honetan Lesakako Udalak eta txakur kakak biltzeko zaborrontziak ere paratu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun