Txakurrak eta bertze etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza onartu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 30a, 08:00
Herrigunean ibiltzeko txakurrek arduradun bati uhal bidez lotuta egon beharko dute nahitaez.

Etxeko animaliekin, batez ere txakurrekin, herrian dauden arazoak ikusirik, Lesakako udalak, Nafarroako Gobernuaren legedian oinarrituz, erabilera arautzea erabaki du. Honela, irailaren 17an burututako udal batzarrean, behin behinekoz ahobatez onartu zuen EH Bilduk proposatutako ordenantza, etxeko animaliak, bereziki txakurrak, edukitzea arautuko duena, «animalia horiek babesteko, ongi egoteko eta arduraz edukitzeko».

Alegazioak aurkezteko aukera izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik 30 egunetan. Egunotan argitaratzekoa da eta, beraz, urri osoan izanen da alegazioak aurkezteko aukera.

Honetaz gain, txakurrak aske uzteko leku bat prestatzen ari da Lesakako Udala, su-hiltzaileen parkearen gibelean egonen dena.

Ordenantzaren arabera, nahitaezkoa da animaliak mikrotxip homologatuaren bidez identifikatzea eta alta eta baja guztiak udaletxeko erroldan inskribatzea. Txakur guztiei eman behar zaie txertoa eta ondotik, jabeei identifikazio- eta txertaketa-txapa emanen zaie, animaliaren lepokoan jar dezaten. Modu berean, animalia bat albaitari batek bakarrek hil dezake, «indarrean dagoen legeriaren arabera justifikatutako eta baimendutako egoeretan».

Lesakako udalerrian debekatua egonen da lepokorik gabeko txakurrak ibiltzea eta herrigunean, txakurrek arduradun bati lotuta ibili beharko dute nahitaez, gehienez 2 metroko luzera duen uhalaren bidez. Era berean, debekatuta dago txakurren gorotzak parkeetan, lorategietan edo erabilera publikoko bertze edozein eremutan uztea.

Ondenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak daitezke eta horren arabera, isunak ere 200 eurotik 1.000 eurorainokoak (arinak), 1.001 eurotik 6.000 eurora bitartekoak (larriak) eta 100.000 euro artekoak (oso larriak) izan daitezke.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun