Iratin eta Frantziako mendietan mendi mutil ibili zen eta orduan hasi zen arpanean bere lagunekin lehian. Gerora, Euskal Herrian barna jokatu zituen arpan apustu eta txapelketengatik egin zen ezagun. Tartean, Euskal Herriko txapela ere jantzi zuen. Baina Arantzan hori baino gehiago izan zen: zinegotzia izan zen, Ekaitza Elkartean ere lan aunitz egin zuen, baita Bortzak Bat Kooperatiban ere... Herri kirolen bultzatzaile handia izan zen eta hainbertze urtez Arantzako neska eta mutikoei herri kirolak erakusten ibili zen. Herriko bandera ere urte aunitzez dantzarazi zuen. Hainbat omenaldi ere jaso zituen. 1991ko abenduan Nafarroako Herri Kirol Federazioak urtetan herri kiroletan egin zuen lana eskertuz omenaldia egin zion eta 2017an, Trikitixa Jaialdiaren barne, Arantzako Udalak herriaren alde egindako guztia eskertzeko omenaldia egin zion.