COVID-19: Elkarrizketak

«Orain lehentasuna zahar etxeek dutenez, horretaz ohartzeko eskatu nahi diegu herritarrei eta soilik larrialdi kasuetan etortzeko osasun zentroetara»

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 12a, 10:30

Ruth Gonzalez Santo Tomás, Bortzirietako Osasun Etxeko zuzendaria.

Nafarroako osasun-sare publiko osoan bezala, beharko zutenak baino mediku-erizain gutiago daude Bortzirietan ere eta, daudenak, lanez gainezka daude. «Egunotan, Berako eta Lesakako alkateei gauden egoeraren larritasunaz eman diegu informazioa –dio Ruth Gonzalezek— eta eskertuko genuke herritarrak ere ohartzea, orain, zahar etxeetan sortu den osasun-larrialdi hau pasatu arte, larrialdi kasuak baino ezin izanen ditugula artatu».

Zehazki, larunbat eta igande honetan Berako eta Lesakako zahar etxeetan pasatuko dute kontsulta osasun etxeko mediku erizainek. Gainerako egunetan ere, zahar etxeetan dauden erizainei laguntzen arituko dira osasun etxeko erizainak.

Bortzirietan lanpostuak hutsik

Gaur-gaurkoz, Bortzirietan «hainbat lanpostu hutsik» dituztela kontatu digu Ruth Gonzalez Lesakako osasun etxeko zuzendariak. Alde batetik, «Lesakako mediku baten plaza hutsik dugu». Hori horrela, «Lesakako 1.200 paziente erreferentzia-medikurik gabe daude». Ordezkorik ezean, «gainerako medikuon artean artatu behar izaten ditugu paziente horiek, gure kupoaz gain, bertzeena ere gure gain hartuz». Baina hori «ez da ideala»: «ez dakigu noiz arte iraunen duen egoera honek eta hori da gehien kezkatzen gaituena».

Lesakako postu horrekin gertatutakoaz aritu da Gonzalez: «plaza horrek euskara eskakizuna du eta profesionalak birkokatzerakoan, euskara eskakizuna betetzen zuen inor ez zegoela eta, Osasunbideak ez zuen lanpostua eskaini ere egin». Hori «bazterketa» iruditzen zaio: «euskara eskakizunak euskaraz dakiena etortzeko lagungarri izan beharko luke, eta ez euskaraz dakienik ez dagoela eta, plaza ez eskaintzeko». Urriaren 1az geroztik falta dute mediku hori, «orduan birkokatzen baitira langileak lanpostuetan», baina «maiatzetik bagenekien plaza horretan zegoen medikua bertze toki batera joanen zela eta postua hutsik geldi zitekeela».

Bertzetik, Arantzan lanaldi erdian eta asteburuetan aritzeko administrari baten plaza ere hutsik dute: «martxoko osasun kontseiluan onartu zuten, baina pandemiarekin dena alde batera gelditu zen eta ez dute eskaini». Mediku-errehabilitatzailearen plaza ere hutsik dute: «duela bi urte arte astero etortzen zen, gero hamabortzean behin jarri zuten eta aurten, otsailaz geroztik, ez da etorri». Horrek «Bortzirietako 50 paziente baino gehiago erreserban» egotera behartu ditu, «mediku-errehabilitatzailearen kontsultaren esperoan».

Gainerakoan, joan den hilabete hasieran hutsik zegoen Berako pediatraren lanpostua «erdizka» moldatu dute: «larrialdietako medikuak bere gain hartu du lanaldiaren erdia. Egiazki ez dago beteta, baina nolabait moldatu dute. Beharbada aldi baterako balioko digu, baina epe luzera bertze aukerak beharko ditugu». Gonzalezen irudiko, «Nafarroa iparraldean pediatrian dagoen arazo larriaren» bertze adibide bat da eta alde horretatik, «Osasunbideak haurrei ematen zaien arreta birpentsatu» beharko lukeelakoan dago.

Momentuko hutsune horiez gain, luze gabe are gehiago okertu daitekeela ohartarazi du: «Bortzirietan lau medikuk 60 urte baino gehiago dituzte, tartean pediatra, eta baliteke, epe laburrean, lanpostu gehiago hutsik gelditzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun