Zahar Etxeko egoiliar eta langile guztiei egin dizkiete probak eta 39 egoiliarretatik hamabik koronabirusean positibo eman dute. Horrelako egoeretan aktibatu ohi diren protokoloak paratu dituzte martxan Lesakako zahar etxean ere eta dauden egoiliarrak hiru sektore edo taldetan banatu dituzte: batetik gaixotasuna hartu dutenak, bertzetik gaixotasuna hartu dutenekin hartu-eman estua izan dutenen taldea eta, azkenik, hirugarren taldean daude kontakturik izan ez dituztenak eta kutsatuta ez daudenak.
Lesakako osasun etxeko osagileen errefortzua hartuko dute
Gaixotasuna hartu duten hamabi egoiliarretatik batzuk Iruñerriko bertze egoitza batzuetara eraman dituzte, sendatu arte. Bidenabar, zahar etxeko erizainak Lesakako Osasun Etxeko erizainen laguntza hartuko dute, errefortzu modura.