Koronabirusa

Berako zahar etxean zortzi positibo gehiago atzeman dituzte eta Lesakakoan bertze bat

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 12a, 08:29

«Berako zahar etxeko agerraldia kontroletik kanpo dago, positibo eman duten guztiak sintomekin daude eta Bortzirietan ez gaude nahiko mediku-erizain larrialdi hau behar bezala artatzeko». Kezkatuta hitz egin digu Ruth Gonzalezek, Bortzirietako osasun eremuko arduradurak. Azken datuen arabera, Berako zahar etxean bertze 8 egoiliarrek positibo eman dute, guztira 18 oraingoz, guzti-guztiak sintomekin, eta Lesakako zahar etxean bertze batek ere positibo eman du, kasu honetan asintomatikoa.

Ruth Gonzalezek erran digunez, egoera ez da batere ona Berako San Jose zahar etxean. Kontuan hartu behar da zahar etxeetan dauden egoiliar gehienek, adinaz gain badutela berez gaixotasun edo ezintasunen bat eta, orain, Covid-19arekin kutsatu direnak, egoera bereziki larrian daudela. Gauzak horrela, Bortzirietako mediku-erizain guztien lehentasuna zahar etxeetan dago jarria momentu honetan. «Larunbatean eta igandean ere kontsulta pasatuko dugu bi zahar etxeetan eta asteburu honetan ez dugu atseden egunik izanen» gaineratu du Gonzalezek. Oraingoz 18 dira Berako zahar etxean positibo eman duten egoiliarrak.

Lesakako zahar etxeko gaixotuak egoera hobean

Zorionez, eboluzio hobea dute Lesakako zahar etxean positibo eman duten 13 egoiliarrek. Guztiak asintomatikoak dira eta horrek gauzak errazten ditu gaixoen segimendua egiterakoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun