Berriz ere UEMAko kide izatea erabaki du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 30a, 08:00

Berriz ere UEMAko kide izatea erabaki du Lesakako Udalak.

Ortzeguneko udal batzarrean hartu du erabakia, EH Bilduko aldeko 6 bozkekin eta Geroa Bairen 5 abstentzioekin

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu du Lesakako Udalak, urriaren 29ko udal osoko bilkuran. Gaur egun, 87 udalek osatzen dute UEMA, eta 88. udala izanen da Lesaka, UEMAren batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean. Guztien artean, ia 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.

Udal osoko bilkura egin zuen ortzegunean 19:00etan Lesakako Udalak, eta hartu zituen erabakien artean dago UEMAko kide izateko eskaera egitea. Ladis Satrustegi alkatearen hitzetan, «euskararen normalkuntzarako bidean, administrazioan lan egiten dugunez, udaletik soilik bideratu ezin dugun hizkuntza politika aurrerakoia egiteko aukera ematen digu UEMAk. Horretaz gain, euskararen erabilera normalizatzeko eta euskara biziberritzeko laguntza handia da bertze udalerri euskaldunekin elkartzea».

Lesakarren %79a euskaraz ongi aritzeko gai da, eta Soziolinguistika Klusterrak iaz Bortzirietako hizkuntzen kale-erabilera neurtzeko egindako lanaren arabera, %74a euskaraz aritzen da Lesakan.

Lesaka Nafarroako udalerria da, eta 2.741 biztanle ditu. Bortzirietako ibarrean dago, Baztan Bidasoa eskualdean. UEMAk abenduaren 12an du hurrengo batzar nagusia, ohi bezala urteko balantzea egiteko eta urte berrirako plangintza eta aurrekontua onartzeko. Batzar nagusiak Lesaka UEMAko kide izatea onartzen duenean, Bortzirietako udal guztiak izango dira UEMAko kideak.

Ez da Lesaka UEMAko kide den lehen aldia. Hainbat urte egin zituen mankomunitatean, Lesakako Udalak 2015eko azaroan Euskara Plana bertan behera uztea eta UEMAko kide izateari uztea erabaki zuen arte. Lesakako euskalgintzaren eta pleno aretoan bildutako euskaltzaleen protesta artean hartu zuten erabaki hura, eta gaiak soka ekarri zuen. Ortzeguneko batzarraren erabakiarekin, UEMAko kide izatera itzuli da berriro Lesakako Udala. Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko 6 ordezkarien aldeko botoekin eta Geroa Baiko 5 zinegotzien abstentzioarekin onartu zuten erabakia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun