Lesakako Udalak UEMAko kide izatea erabaki du berriro. Zergatik hartu duzue erabakia?
Euskararen normalkuntzarako bidean, administrazioan lan egiten dugunez, udaletik soilik bideratu ezin dugun euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko aukera ematen digu UEMAk. Horrez gain, euskararen erabilera normalizatzeko eta euskara biziberritzeko laguntza handia da bertze udalerri euskaldunekin elkartzea. Azkenik, Bortzirietako udalerri guztiak dira UEMAko kide, orain Lesaka sartu dela. Honek, gure zonaldean ildo beretik eta elkarrekin lan egitea ahalbidetzen digu.
Datu soziolinguistikoen arabera, lesakarren %79 euskaraz ongi aritzeko gai da, eta euskararen kale erabilera ere altua da: %74. Euskararen arnasgunea da Lesaka, beraz. Datuak esanguratsuak izan arren, ordea, hauskortasunaren kezka ere baduzue.
Bai, herri euskalduna da hau, naturaltasunez euskaraz solasten da hemen, baina hainbat faktorek eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, eta hori ez da Lesakaren kontua soilik. Arnasgune guztietan ikusten da: hauskorrak gara. Horren aurrean, UEMAk duen esperientzia baliatuz, herritarrak ahalduntzea eta kontzientziatzea da gure asmoa. Nolabait, inertziatik kontzientziarako saltoa ematea garrantzitsua da, eta hori guztia lantzeko UEMA bidelaguna da.
Herritarren edo alderdiren batek kezkarik agertuko balu erabaki honen inguruan, zer esanen zenioke?
Lasai egon dadila. Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea dagokio udalari, eta ildo horretan aitzindariak dira UEMAko kide diren udalak. Beraz, herritar bakoitzak inolako arazorik gabe izan dezake harremana udalarekin, nahi duen hizkuntzan. Orain, ordea, euskarari dagokion lekua emateko aurrerapausoa egin dugu, eta horrela ulertu behar da erabaki hau.