Euskara Plana bertan behera uztea eta UEMAtik ateratzea erabaki du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 30a, 07:29

'Euskaraz bizi nahi dut' zioten kartelekin hurbildu ziren herritarrak ortziraleko udal plenora.

Geroa Baiko sei zinegotzien botoekin hartu ziren bi erabakiak eta pleno aretoa bete egin zen protesta egitera bildutako herritarrekin 

Lesakako Udalak 2013tik indarrean zegoen Euskara Plana bertan behera utzi eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik ateratzea erabaki zuen joan den ortziraleko udal batzarrean. Geroa Baiko sei zinegotziek hartu zuten erabakia, EH Bilduko bortzen kontrako botuarekin eta pleno aretoa Euskaraz bizi nahi dut zioten pankartekin bete zuten herritarren protestekin. Udalak erabakia hartu eta gero, Espainiako ereserkia ere abestu zuten.

Lesakako Euskara Batzordeak udal plenora joateko deia egina zuen, «ortziralean Geroa Baik ofizial egin zuen erabakiak lesakarren hizkuntza eskubideei kalte handia» egiten diela uste baitu. Euskara Batzordeak dioenez, «Euskararen Planarik gabe, ez dira bermatuko Udalarekin eta bere zerbitzuekin (Zahar Etxea, kiroldegia, jubilatuen ostatua, frontoia…) izaten diren harremanak euskaraz izatea”. Jose Lus Etxegarai alkateak, aldiz, uste du “praktikan ez dela aldaketarik izanen, Udalak orain arte bezala funtzionatuko baitu eta inork ez du eguneroko tratuan inolako aldaketarik somatuko udaletxean».

Euskararen Normalizariorako Planaren helburua arlo guzietan euskara udalaren hizkuntza izatea da, baina alkatearen erranetan «kanpotik inposatua zetorren, Lesakaren beharrak ikusi gabe». Hori betearazteko presio handiak jaso dituela ere aipatu du eta «euskara sustatzeko, konbentzitu egin behar dugu eta ez inposatu», erran du. Lesakako Euskara Batzordeak, aldiz, zera aipatu du: «Euskararen Planak ez du inolako inposaketarik suposatzen Udalarekiko harremana espainolez egin nahi dutenendako, planean indarrean izanik ere, inolako erazorik erabiltzen ahal baitute».

Lesakako EH Bilduk gogor salatu du herria UEMAtik atera eta Euskara Plana indargabetzeko Geroa Baik hartu duen erabakia: «Euskararen aurkako eraso larria dela iruditzen zaigu eta are gehiago alternatibarik proposatzen ez dituztenean, udalak zuen euskararen aldeko neurri bakarra desegin eta deus ere ez proposatu, argi utziz Geroa Bairen euskararekiko jarrera».

Euskara zinegotzia eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kide den Maider Arrietak aipatu duenez, «Euskara planak egiten duen bakarra euskaraz bizi nahi dutenen eskubideak defendatzea da, urtetan zapaldua egon den eskubidea eta eskubide hori da inongo lotsarik gabe ukatu diotena Geroa Baiko zinegotziek lesakako herritarrei». Lesakako EH Bilduk jakinarazi duenez, «gure aldetik, euskararen eta euskaraz bizi nahi duten lesakarren eskubideak defendatzen jarraituko dugu eta behin eta berriz salatuko ditugu Lesakako ama hizkuntzaren aurkako jarrerak».

UEMAk, herritarren %70a baino gehiago euskaldunak dituzten Euskal Herriko 73 udalerri biltzen ditu eta ortziralera arte Bortzirietako guztiak barne zeuden. Lesakako Euskara Batzordearen ustez, “eremu publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko laguntza handia da bertze udalerri euskaldunekin elkartzea”.

Jose Luis Etxegarai alkateak emandako bertze arrazoietako bat, UEMA eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen lanaren bikoiztasuna da: «Euskara Mankomunitateari 86.000 euro ematen dizkio Lesakako Udalak eta bertze 7.000 euro UEMAri eta pertsonalki uste dut, diru hori baino guttiagorekin bere teknikaria eta itzultzailea izan ditzakeela Lesakak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun