Nor da Ane Sirera Ibarluzea?
Orokorrenetik hasita, hogeitabortz urteko gazte igantziarra naiz; ama gipuzkoarra eta aita granainoa dituena. Neska xumea naizela kontsideratzen dut (orokorrean, batzuetan konplikatu samarra) eta nire eguneroko bizitzan denboragatik eta denborarentzat egiten dut lan: nire lagunekin garagardo batzuk hartzeko, liburu bat irakurtzeko edota mendira zakurrarekin ibiltzera joateko. Bizia naizela uste dut bizitzeko plazerrei ahalik eta denbora gehien eskaini ahal izateko.
Zure ikasketa ibilbideari buruz zer kontatuko zenuke?
Nire ikasketak Donostian hasi nituen Berara joan nintzen arte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egitera. Ondotik, unibertsitatean Gizarte Langintza ikastea erabaki nuen.
Zergatik aukeratu zenituen ikasketa horiek?
Gizarte Langintza ikastea erabaki nuen hain zuzen ere, nire ideia, izaera eta balioekin bat zetorrelako (edo hori uste nuen garai hartan). Sexologia eta genero ikasketetan espezialitzatzea erabaki nuen (ezin baititugu kanpoko harresiak apurtu gure barruan daudenak hausten ez baditugu).
Zer esperientzia positibo atera duzu herritik kanpo ikastetik?
Bortzirietatik atera nintzenetik Iruñean eta Granadan bizi izan naiz eta gehienbat atera ditudan ikasketak elkar zaintzearen eta bake sentitzearen edo bilaketaren garrantzia direla erranen nuke. Kanpoan ikasteak erakutsi dit elkartasunak eta ahizpatasunak duen indarra eguneroko bizitza osasuntsu bizi ahal izateko; eta hortik bertze esperientzia positiboa: frustrazioak eta ezinegonak gestionatzen ikasi eta nirekin bakean bizitzeko tresnak martxan jartzen ikasi eta konprometitzea.
Azal ezazu zertan datzan eta zer helburu dituen Igantzin aitzinera eraman nahi duzun tailerrak…
Libe, nire lankideak, eta biok emakumeentzako zuzenduta dagoen tailer honetan emakumeei espazio eta une bat eskaintzea izan da helburua, hainbat arte teknika martxan jarriz eta horien bitartez hasunarketa sustatzeko. Artea eta sormenaren bitartez emozioak azaleratu, eguneroko bizipenez solastatu, beldurrak, ezagutzak… konpartitu, gertatutakoak edo gordetakoak onartu, gure isla biografikoa landu eta horrelakoak egin ahal izanen ditugu.