Berako besten hondar egunean Ezkonduen Eguna ospatzen zuten garai batean Foruen Plazan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 6a, 08:00

1992an ohitura hori berreskuratu zuten, lau urtero egiteko asmoarekin, baina ez da geroztik egin

 

Antzina, Berako San Esteban bestak bezpera gehi bertze lau egun izaten ziren. Laugarren egunean, abuztuaren 6an, alegia, bukatzen ziren bestak Foruen plazan, eta "Ezkonduen eguna" ospatzen zen.

1929ko, 1930eko... programetan, hilaren 6ko ekitaldietan, 23:00etatik 01:00etara, Foruen plazan dantzaldia izanen zela ageri zen, su artifizialen saioarekin.

1943an, 44an, 45ean... argi eta garbi ageri da “Fiesta de los casados”  (Ezkonduen besta) eta urteren batean “Fiesta de los viejos” (Zaharren besta) moduan bataiatu zuten.

1992ko abuztuan berreskuratu zen Foruen plazako besta hau, bertako bizilagun batzuen ekimenez, «dagoeneko saihesbidea egina dagoelako eta trafiko arazorik ez delako», lau urtean behin errepikatzea pentsatuz. Baina orain arte ez da inoiz gehiago egin, Juan Carlos Olaetxeak egin zuen besta iragartzeko kartela.

Gogoratu behar da gisa honetako informazioak eta antzinako programak ikusteko aukera eskaintzen duela oraindik Totono eta Rosa Errandonea anai-arrebek bildutako erakusketak. Berako Kultur Etxean ikusgai dago abuztuaren 28ra arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun