JUAN CARLOS PIKABEA

«Sorkuntzarako denbora gehiago eman du itxialdiak, baina egindako margolanak saltzeko ateak itxi ditu»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 21a, 10:00
Juan Carlos Pikabea Bertizko jauregian, ireki berri duen erakusketan.

‘Pirinioetako bihotzera bidaia’ goiburupean ExpoPiribus jarduerak hasi dituzte Bertizen uztailaren 21etik abuztuaren 2ra. Egun horietan, Juan Carlos Pikabearen ‘Mendiko ohiturak’ erakusketa zabaldu dute Bertizko jauregiaren erakusketa-aretoan, baina margolari lesakarrak aipatu digunez, abuztuan ere aretoa librea zegoenez, hilabete osoan ikusgai izanen dira gure inguruko inauteri, besta eta ohiturak irudikatzen dituzten 22 margolanak.

 

Pikabearen erranetan, «Pirineoarekin lotutako erakusketa izanik, gure inguruko besta, inauteri eta tradizioei buruzko margolanak eraman ditut, Lesakako zakozaharrak eta ezpatadantzariak, Iturengo joaldunak, Erratzu, Arizkun eta Lantzeko inauteriak, Luzaideko bolantak… salbuespen bakarra, joan den urtean egin nuen Iruñeko Sanferminen irudia… Kasino Berriak bere bestetako zapian erabili zuen irudia izan zen».

Hain zuzen, abenduaren14tik urtarrilaren 16ra Iruñeko Kasino Berrian egindakoa izan da Pikabeak egin duen azken erakusketa. Aitzinetik bere margolanak erakutsi ditu han eta hemen, Irunen edo Baionan egindako erakusketez gain, New Yorken, Parisen, Belgikan eta «urrunena, Hego Koreako Daegun» ere ikusgai izan baitira bere lanak.

Koronabirusaren aferak eragina izan du Pikabearen lanean, etxean margotzeko asti gehiago eman bai, baina erakusketak edo salmentak egiteko aukera itxi diolako. «Irailetik honat formato handiko 26 bat margolan egiteko aukera izan dut, bertzelako interferentziarik ez nuenez, lanerako baliatu dut denbora, baina aldi berean, margolaritzatik bizitzeko lan horiek gero erakutsi eta saldu egin behar direla, eta erakusketarik ezean, zaila da saltzea», aipatu digu margolari lesakarrak.

Azkeneko urteetan, Pikabeak bere margolanak Otsango auzoko Irisarri bere etxean erakusteko ohitura izan du abuztuan, baina aurten ez du horrelakorik eginen: «Ez dakizu nola asmatu, baina gauden egoeran gaudela, bai bisitarientzako baita etxekoentzako ere, egokiena ateak ez idekitzea dela iruditzen zait».

Beraz, Bertizko jauregiak eskainiko du uda honetan Pikabearen margolanak ikusteko aukera, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara eta igandetan 10:00etatik 13:30era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun