Koronabirusa

Sanferminetan herrikoei ekitaldi berezirik ez antolatzea eta kanpotarrei ez etortzea eskatu die Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 30a, 13:20

Asteburu honetan eta hurrengoan ez dute herri eremuan kanpinik jartzen utziko.

Ez du herri eremuan kanpinik jartzen utziko eta ostatuek 02:00etan ixteko hartu duten erabakia erabat babesten dute

Maiatzean erabaki zuen Lesakako udalak aurtengo sanferminak bertan behera uztea. Nahiz eta egoerak nabarmen hobera egin duen, arriskua oraindik hor dagoela diote osasun adituek eta Lesakako udalak «bestetan hain ohikoak diren jende pilaketak ekiditea guztion ardura dela» jakinarazi du ahobatez onartutako adierazpenaren bidez.

Honela, «Lesakako herritarrei segurtasunarekiko dugun konpromezuarekin jarraitzera» dei egin diete eta «jende pilaketa ekarri dezaketen ekitaldi berezirik» ez antolatzea eskatu diete. Herriko ostalariek uztailaren 6tik 11ra ostatuak goizeko ordubietan ixteko erabakia erabat babesten du Udalak, «kontrakoak sektore honi ondorio hagitz larria eragin diezaiokela» jakinik.

Uztailaren 6, 8, 9 eta 10a udalaren jardueran lan egunak izanen dira eta ez dute asteburu honetan eta hurrengoan herri eremuan kanpinik jartzen utziko.

Hain zuzen, udalaren oharrak dio aurten ezin izanen dituela «bazter guztietatik guregana etortzen direnak hartu aunitz estimatzen dugu euren etorrera. Baina, erran bezala, gauzak desberdin bizitzea tokatzen zaigu, eta eskatzen diegu aurten Lesakara Sanferminetan ez etortzea. Heldu den urtean berriro elkar ikusiko dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun