Duela bi aste eman zen ezagutzera Lesakako Auzoberri inguruan hamaika haize-errota izanen dituen parke eolikoa egiteko proiektuaren lehen urratsak ematen hasiak direla. Proiektu horren kontra berehala eratu zen Endara Bizirik! Plataforma eta plataforma honek inguruko auzoetako bizilagunekin informazio-bilerak deitu ditu aste honetan.
Gaur asteartea, ekainak 16, 19:00etan Zala auzoko bizilagunekin Otsuneko atean; ekainaren 17an, asteazkenean, 17:00etan Katazpegiko bizilagunekin bilduko da Banartan eta 19:00etan Nabazko bizilagunekin Linddurrenbordan; ekainaren 18an, ortzegunean, 17:00etan Zalain-Zokoko bizilagunekin elkartuko da frontoian eta 19:00etan Alkaiagan.
Aipatzekoa da astelehenean Sustrai Erakuntza taldeko kideek proiektuak ukituko lituzkeen lekuak bisitatu zituztela. Agiñako kaskotik proiektuak eraginen lukeen inpaktua aztertzen aritu ziren, horrek dakartzan bide-urraketak ardatz, aurrerapausoak emateko.