Lesakako inauterietako astelehenak, karroza eta mozorroez gain, bertze erakargarri ederra izan zuen, herritarrek ongietorri beroa eskaini baitzioten Irlandako Munduko txapelketatik bueltatu berria zen Beti Gazteko sokatira taldeari. Ez zen guttiagorako, klub artekoan lau domina lortu baitzuen eta nazioartekoan ere, Euskal Herriarentzat dominak lortu zituzten Beti Gazteko tiralariek hainbat kategoriatan.
Klub artekoan lau domina
Munduko klub arteko txapelketa ederki hasi zen ortzegunean, Beti Gazteko emakumezkoek 540 kilokoan eta talde mistoak zilarrezko domina lortu baitzuten.
Beti Gazteko emakumeen sokatira taldeak bere historiako lehen domina lortu zuen Munduko txapelketa batean ortzegunean. Finalean Gasteizko Badaiotzen kontra galdu zuen. Laukizko Gaztedik osatu du guztiz euskalduna izan den podioa, Herbeheretako Monnickendam taldeari irabazita.
Munduko txapelketan lehen domina lortu duen Beti Gazteko emakumeen zortzikotean Aitziber Goienetxe, Amaia Leiza, Karmele Pikabea, Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Udane Arbelaitz, Oihana Mindegia eta Maria Yanci aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena erakusle eta Udane Loidi laguntzaile zituztela.
Beti Gazteko talde mistoa, lehenbiziko fasean, hamar talderen artean laugarren izan ondotik, finalerdia irabazi zion sailkapen fasean lehena izan zen Zuraidarrak taldeari. Finalean Herbeheretako Monnickendam taldearen kontra galdu zuen, baina zilarrezko domina lortu zuen Beti Gaztek. Ezpeletatik utzitako Paxkal Larramendi eta Jerome Elissalerekin batera, Ander Mitxelena, Aitziber Goienetxe, Amaia Leiza, Ane Gurrutxaga, Iñigo Alzugarai eta Ainhoa Ubiria aritu ziren. Aipagarria da Ander Mitxelenaren lorpena: 15 urterekin senior mailako txapelketa batean domina lortu duen tiralari gazteena da. Hirugarren posturako lehian Lagerweij nagusitu zitzaion Zuraidarrak taldeari. Aipatzekoa da Zuraidarrak taldearekin aritu zirela Beti Gazteko Arritxu Muxika, Irantzu Goienetxe eta Udane Loidi.
Gizonezkoen 560 kilokoan ere bikain ibili zen Beti Gazte. Bi multzotan banatuak aritu ziren talde guztiak eta multzo bakoitzeko bi lehenbizikoek lortu zuten finalerdietarako txartela. Baina gaizki hasi zen txapelketa Beti Gazterentzat. Ibarraren kontrako lehen tiraldia gipuzkoarrei eman zieten, epaile zorrotz batek lesakarrei hamar segundotan hiru falta adierazi ondotik. Alferrik izan ziren protestak. Bigarrena Beti Gaztek irabazi zuen eta beraz berdinduak gelditu ziren, baina gerora erabakigarria izan zen epailearen erabaki hori. Izan ere, bai Ibarrak baita Beti Gaztek ere gainerako tiraldi guztiak irabazi zituzten, beraien multzoan jaun eta jabe izan zen Ipar Irlandako Country Cluben kontrakoa izan ezik. Hortaz, Ipar Irlandako taldearen ondotik, bigarren postuan berdinduak gelditu ziren Ibarra eta Beti Gazte, baina araudiaren arabera, Ibarra sailkatu zen finalerdietarako eta Beti Gazte kanpoan gelditu zen. Beharbada horixe izan da Munduko txapelketan lesakarrei gelditu zaien arantzatxo bakarra.
Ortziralean Beti Gazteko sokatira taldeko emakumeen 500 kiloko taldeak eta gizonezkoen 600 kiloko taldeak ederki borrokatutako brontzezko domina bana lortu zuten Munduko sokatira txapelketan, Irlandan.
Emakumeak, hamar talderen artean jokatutako ligaxkan laugarren gelditu ziren eta finalerdia, ordura arteko tiraldi guztiak irabaziak zituzten Txina Taipeiko Jingmei taldearen kontra galdu zuten. Bertze finalerdian Badaiotzek irabazi zion Txantreari eta finalean ere gasteiztarrak irabazi zieten txinatarrei, emakumeen bi urrezko dominak lortuz. Brontzerako lehian, Beti Gaztek irabazi zion Txantreari.
Beti Gazteko taldean Aitziber Goienetxe, Amaia Leiza, Karmele Pikabea, Ane Gurrutxaga, Udane Arbelaitz, Udane Loidi, Arritxu Muxika eta Ainhoa Ubiria aritu ziren tiran, Ezpeletako Guy Larralde erakusle eta Oihana Mindegia erakusle zituztela.
Gizonezkoek ere meritu handiko brontzezko domina lortu zuten. 21 talde aritu ziren, bi multzotan banatuak eta multzo bakoitzeko bi lehenbizikoek zuten finalerdietan sartzeko eskubidea. Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen, gerora txapeldun izanen zen Irlandako Clonmany B taldearen aurkakoa izan ezik. Bertze multzoan ere berdintsu: Irlandako Mountain View izan zen lehenbizikoa eta Gipuzkoako Ibarra bigarren. Gauzak honela, finalerdiak Irlanda eta Euskal Herriko taldeen arteko lehiak izan ziren eta bietan irlandarrak gailendu ziren. Finalean, Clonmany B izan zen txapeldun eta Mountain View bigarren, garbi. Brontzea ematen zuen hirugarren posturako lehia gogorragoa izan zen. Izan ere, lehen tiraldia Ibarrak irabazi zuen, baina bigarrena Beti Gaztek. Beraz, hirugarren bat ere egin behar izan zuten eta hortan Beti Gazte nagusitu zen, meritu handiko brontzezko domina lortuz. Karmelo Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Paxkual Taberna erakusle eta Maria Yanci laguntzaile zituzela.
Aipatzekoa da Beti Gazte izan dela emakumeen, gizonezkoen eta talde mistoen podioetara, hiruetara igo den munduko klub bakarra.
Nazioartekoan ere bikain
Hainbat Euskal Herriko txapelketa irabazita, Beti Gaztek Euskal Herria (Basque Country) ordezkatzeko eskubidea zuen. Gizonezkoen 600 kiloko kategorian eta txapelketa mistoan oso-osorik Beti Gazteko tiralariek osatutako zortzikoteak aurkeztu zituzten eta bertze kategoriatan selekzioak egin zituzten. Gizonezkoak 600 kiloko kategorian bikain ibili ziren eta bigarren gelditu ziren sailkapen fasean, baina finalerdian, lehen tiraldia irabazi ondotik hurrengo biak galdu egin zituzten Herbeheren kontra eta brontzerako lehian ere galdu egin zuten Irlandarekin. Txapelketa mistoan, aldiz, podiora igotzea lortu zuten, Herbeheren eta Txina Taipeiren ondotik. Euskal Herriari brontzea eman zion talde honetan, Karmelo Mitxelena, Aitziber Goienetxe, Mikel Apeztegia, Ane Gurrutxaga, Udane Arbelaitz, Beñat Ordoki, Arritxu Muxika eta Gerardo Telletxea aritu ziren, Joxe Angel Mitxelena erakusle zutela.
Emakumeen 540 kiloko kategorian ere zilarra lortu zuen Euskal Herriak, Txina Taipeiren kontrako finala galduta. Talde honetan aritu ziren Aitziber Goienetxe eta Ane Gurrutxaga lesakarrak eta Udane Arbelaitz oiartzuarra.
23 urtez beheitiko kategoriatan, txapelketa mistoan nahiz emakumezkoetan zilarra lortu zuen Euskal Herriak eta talde horietan ere Beti Gazteko bina tiralari aritu ziren: Ander Mitxelena eta Beñat Ordoki mistoan eta Irantzu Goienetxe eta Maria Yanci igantziarra nesketan.