Beti Gaztek brontzezko bi domina lortu ditu Munduko sokatira txapelketako bigarren jardunadian

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 22a, 10:14
Beti Gazteko neskak 500 kiloko podioan brontzearekin, Badaiotz (urrea) eta Jingmei (zilarra) taldeekin.

Lau dominarekin bukatu du klub artekoa eta gaur eta bihar Euskal Herria ordezkatuko du hainbat kategoriatan nazioartekoan

Bezperan emakumezkoen 540 kiloko kategorian eta txapelketa mistoan zilarrezko domina bana lortu ondotik, ortziralean Beti Gazteko sokatira taldeko emakumeen 500 kiloko taldeak eta gizonezkoen 600 kiloko taldeak ederki borrokatutako brontzezko domina bana lortu zuten Munduko sokatira txapelketan, Irlandan.

Emakumeak, hamar talderen artean jokatutako ligaxkan laugarren gelditu ziren eta finalerdia, ordura arteko tiraldi guztiak irabaziak zituzten Txina Taipeiko Jingmei taldearen kontra galdu zuten. Bertze finalerdian Badaiotzek irabazi zion Txantreari eta finalean ere gasteiztarrak irabazi zieten txinatarrei, emakumeen bi urrezko dominak lortuz. Brontzerako lehian, Beti Gaztek irabazi zion Txantreari.

Beti Gazteko taldean Aitziber Goienetxe, Amaia Leiza, Karmele Pikabea, Ane Gurrutxaga, Udane Arbelaitz, Udane Loidi, Arritxu Muxika eta Ainhoa Ubiria aritu ziren tiran, Ezpeletako Guy Larralde erakusle eta Oihana Mindegia erakusle zituztela.

Gizonezkoek ere meritu handiko brontzezko domina lortu zuten. 21 talde aritu ziren, bi multzotan banatuak eta multzo bakoitzeko bi lehenbizikoek zuten finalerdietan sartzeko eskubidea. Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen, gerora txapeldun izanen zen Irlandako Clonmany B taldearen aurkakoa izan ezik. Bertze multzoan ere berdintsu: Irlandako Mountain View izan zen lehenbizikoa eta Gipuzkoako Ibarra bigarren. Gauzak honela, finalerdiak Irlanda eta Euskal Herriko taldeen arteko lehiak izan ziren eta bietan irlandarrak gailendu ziren. Finalean, Clonmany B izan zen txapeldun eta Mountain View bigarren, garbi. Brontzea ematen zuen hirugarren posturako lehia gogorragoa izan zen. Izan ere, lehen tiraldia Ibarrak irabazi zuen, baina bigarrena Beti Gaztek. Beraz, hirugarren bat ere egin behar izan zuten eta hortan Beti Gazte nagusitu zen, meritu handiko brontzezko domina lortuz. Karmelo Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Paxkual Taberna erakusle eta Maria Yanci laguntzaile zituzela. Aunitzek duela 16 urte Glasgown lortutako azken dominetan ere taldekideak ziren, baina esperientzia berria izan da Apeztegia, Ordoki eta Saldiasentzat.

Aipatzekoa da Beti Gazte izan dela emakumeen, gizonezkoen eta talde mistoen podioetara igo den munduko klub bakarra.

 

Gaur eta bihar nazioartekoan

Beraz, klub arteko txapelketa uzta bikainarekin itxi du Beti Gaztek, 4 dominarekin. Gaur eta bihar, nazioarteko txapelketa jokatuko da eta hemen ere Euskal Herria (Basque Country) ordezkatzeko eskubidea izanen du Lesakako taldeak gizonezkoen 680, 640 eta 600 kilokoan, emakumezkoen 540 kilokoan eta txapelketa mistoan, horietan denetan Euskal Herriko txapeldun suertatu baita Beti Gazte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun