Zilarrezko bi dominarekin itxi du Beti Gaztek Munduko sokatira txapelketako lehen jardunaldia

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 21a, 08:35

Irudi historiko hau utzi zuen 2020ko Munduko sokatira txapelketako lehen jardunaldiak. Hiru euskal talde, Badaiotz, Beti Gazte eta Gaztedi, 540 kiloko emakumeen podioan.

Emakumeen taldeak eta talde mistoak historian lehen aldiz lortu dute Letterkennyn (Irlanda)


2004an lortu zituen Beti Gaztek azkeneko dominak Munduko sokatira txapelketa batean. Glasgown (Eskozia) urrezkoa lortu zuten 600 kilokoan eta zilarrezkoa 560 kilokoan mutilek. Mutilak 2016 urtera arte ez ziren itzuli mundialera baina dominatik urrun ibili ziren Vollendamen (Herbehereak) eta 2018an ez zuten Txinara joaterik izan. Emakumeak behin arituak ziren Mundialean 2010ean Cesenaticon (Italia) eta laugarren izan ziren bi kategoriatan. Aurten, Letterkennyn (Irlanda) jokatzen ari den Munduko txapelketako lehen jardunaldian zilarrezko bi domina lortu dituzte, emakumezkoek 540 kilotan eta talde mistoak 580 kiloko kategorian. Gizonezkoak 560 kilotan, berriz, finaletik kanpo gelditu ziren, epailearen erabaki zorrotz baten ondorioz.

Beti Gazteko emakumeen sokatira taldeak bere historiako lehen domina lortu du Munduko txapelketa batean. Zilarrezko domina lortu zuten 540 kiloko kategorian, Letterkennyko (Irlanda) finalean Gasteizko Badaiotzen kontra galduta. Laukizko Gaztedik osatu du guztiz euskalduna izan den podioa, Herbeheretako Monnickendam taldeari irabazita.

Munduko txapelketan lehen domina lortu duen Beti Gazteko emakumeen zortzikotean Aitziber Goienetxe, Amaia Leiza, Karmele Pikabea, Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Udane Arbelaitz, Oihana Mindegia eta Maria Yanci aritu dira tiran, Joxe Angel Mitxelena erakusle eta Udane Loidi laguntzaile zituztela.

Ortzegun arratsaldean, txapelketa mistoa 580 kiloko kategorian eta gizonezkoena 560 kilotan jokatu ziren eta bietan bikain ibili ziren Beti Gazteko tiralariak.

Beti Gazteko talde mistoa, lehenbiziko fasean, hamar talderen artean laugarren izan ondotik, finalerdia irabazi zio sailkapen fasean lehena izan zen Zuraidarrak taldeari. Finalean Herbeheretako Monnickendam taldearen kontra galdu zuen, baina zilarrezko domina lortu zuen Beti Gaztek. Ezpeletatik utzitako Paxkal Larramendi eta Jerome Elissalerekin batera, Ander Mitxelena, Aitziber Goienetxe, Amaia Leiza, Ane Gurrutxaga, Iñigo Alzugarai eta Ainhoa Ubiria aritu ziren. Aipagarria da Ander Mitxelenaren lorpena: 15 urterekin senior mailako txapelketa batean domina lortu duen tiralari gazteena da. Hirugarren posturako lehian Lagerweij nagusitu zitzaion Zuraidarrak taldeari. Aipatzekoa da Zuraidarrak taldearekin aritu zirela Beti Gazteko Arritxu Muxika, Irantzu Goienetxe eta Udane Loidi.

Beti Gazteko talde mistoak ere zilarrezko domina lortu zuen.

Gizonezkoen 560 kilokoan ere bikain ibili zen Beti Gazte. Bi multzotan banatuak aritu ziren talde guztiak eta multzo bakoitzeko bi lehenbizikoek lortu zuten finalerdietarako txartela. Baina gaizki hasi zen txapelketa Beti Gazterentzat. Ibarraren kontrako lehen tiraldia gipuzkoarrei eman zieten, epaile zorrotz batek lesakarrei faltak adierazi ondotik. Alferrik izan ziren protestak. Bigarrena Beti Gaztek irabazi zuen eta beraz berdinduak gelditu ziren, baina gerora erabakigarria izan zen epailearen erabaki hori. Izan ere, bai Ibarrak baita Beti Gaztek ere gainerako tiraldi guztiak irabazi zituzten, beraien multzoan jaun eta jabe izan zen Ipar Irlandako Country Cluben kontrakoa izan ezik. Hortaz, Ipar Irlandako taldearen ondotik, bigarren postuan berdinduak gelditu ziren Ibarra eta Beti Gazte, baina araudiaren arabera, Ibarra sailkatu zen finalerdietarako eta Beti Gazte kanpoan gelditu zen. Bertze multzoan, Irlandako Clonmany B taldearen ondotik sailkatu zen Laukizko Gaztedi. Finalerdietan Clonmany B nagusitu zitzaion Ibarrari eta Country Club Gaztediri. Finalean, Country Club suertatu zen txapeldun eta brontzerako euskal lehian Ibarrak irabazi zion Gaztediri. Gaztediko taldean utzita aritu zen Oskar Telletxea igantziarra.

560 kiloko Beti Gazteko taldeak doi-doi ez zuen lortu finalerdietarako sailkatzea.

Gaur arratsaldean

Klub arteko txapelketak gaur izanen du segida Irlandan. Goizeko txapelketetan ez da Beti Gazteko ordezkaritzarik izanen, baina Ander Mitxelenak Berriozarko taldearekin tiratuko du, 23 urtez beheitiko 600 kioko kategorian. Arratsaldean bai, Beti Gazteko gizonezkoak 600 kiloko kategorian eta emakumezkoak 500 kilokoan lehiatuko dira, berriz ere dominen borroka horretan sartzeko gogoz.

Larunbatean eta igandean nazioarteko txapelketa jokatuko da eta hor ere Beti Gazteko tiralariek osatuko dute Euskal Herriko ordezkaritza hainbat kategoriatan (gizonezkoak 680, 640 eta 600 kilotan, emakumeak 540 kilotan eta mistoa).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun