Mukixuko zubiaren inguruan oinezkoentzat pasabidea eginen du Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 19a, 18:00
Erreka aldera dauden aparkalekuak kendu eta oinezkoentzat pasabidea eginen du Berako Udalak.

Erreka aldera dauden aparkalekuak kenduko dituzte, behin behineko neurri bezala

 

Agintaldi hasieratik, Berako Udala herriko mugikortasuna hobetu nahian ari da lanean. Abenduan aurkezpen ekitaldi bat ere egin zen eta dagoeneko herritarrekin batera lan taldea lanean ari da. Mukixuko zubiaren ingurua da herriko puntu beltzetako bat eta, konponbide integralari ekin aitzinetik, behin behineko eta urgentziazko neurria hartzea erabaki du Udalak.

Udalak jakinarazi duenez, «Mukixu inguru hori, Julio Caro Baroja pasealekuaren hasiera, puntu beltza da. Ricardo Baroja Eskola eta Haur Eskola daude hor. Karrikaren bi aldeetan aparkalekuak daude eta oinezkoentzat toki arriskutsua bihurtu da, espaloirik ez dagoelako. Arriskua etengabea da, eskola orduetan zer erranik ez, baina baita bertze edozein momentutan ere».

Inguru horrek erantzun eta konponbide integral bat behar duela ohartua da Udala, mugikortasun plan orokorraren barnean, baina «garatu bitartean, premiazko neurri bat hartzea erabaki du. Erreka aldera ematen duten aparkalekuak kenduko ditugu eta oinezkoentzako pasabide bat eginen dugu, eskolarako irisgarritasuna bederen erraztuz».

Agian, eta hau «teknikoekin begiratu beharko da», oinezkoentzako pasabidearen ondoan autoak lerroan uzteko aparkaleku batzuk egonen dira. Ezinduentzako bi plazak ere bertze aldera mugituko dira.

Udalaren oharrak dioenez, «oinezkoentzako herri atseginagoa eta seguruagoa eraikitzeko asmoz, neurri hauek ulertuko dituzuelakoan gaude».

Bertze alde batetik, mugikortasunaren alde herritarrek ekarpenak egiteko helbide elektroniko bat ere badela gogorarazi dute: beramugikortasuna@gmail.com

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun