Berako mugikortasuna hobetzeko behin behineko 25 neurri proposatu ditu Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 12a, 20:00

Abenduaren 11n egin zen lehen batzar jendetsua eta herritarrek batzordean parte hartzeko deia egin dute

 

Oinezkoei, txirrindulariei eta mugikortasuna mugatua duten pertsonei lehentasuna eman nahi dien Mugikortasun Plana lantzen ari da Berako Udala. Horretarako herritarren parte-hartze prozesua ere ireki du eta abenduaren 11n, asteazken arratsaldean izan zuten lehen bilera Beralandetan.

Gaiak interesa pizten du eta jende aunitz elkartu zen bileran. Udalak, Aitor Elexpuru alkateak eta Esteban Agirre zinegotziak aurkeztutako behin behineko proposamenenean 25 neurri azaldu ditu. Oinezkoei dagokienez, segurtasuna bermatuko duten ibilbide integralak diseinatuko ditu Udalak; espaloiak egokituko ditu, irrisgarritasuna bermatzeko eta segurtasun neurrien artean, zebrabide altxatuak eta abiadura murriztaileak egin nahi dituzte. Txirrindulariei dagokienez, epe laburrean ezarri nahi dituzten berehalako behinbehineko neurrien artean, herri osoko karriketan txirrindularien lehentasunezko karril-marrak marraztea edo txirrindula-parkinak puntu estrategikoetan paratzea daude. Epe ertain batean ezarriko diren behin betiko neurrien artean, hainbat karrika oinezkoentzat/txirrindularientzat egokitu, osorik edo eredu misto batean edo txirrindula elektrikoen alokairurako dal zerbitzuaren ezarpena aztertzea daude.

Aparkalekuei dagokienez, herritarrentzat erreserbatutako aparkalekuak gune estrategikoetan paratzea, denontzat libre den aparkaleku sistema orokorra ezartzea, autoen partekatzea bultzatzeko kanpoaldeko aparkalekuak bultzatzea edo Larungo autobusen proiekturako Illekueta-Itzeko urbanizazio berrian aparkalekua egitea aztertzen ari da Udala.

Trafiko ordenaziorako, gaur egungo egoera ere aztertu du Udalak. Adibidez, Legia karrika hagitz estua da, ia espaloirik gabekoa eta autoak azkar ibilki dira, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna arriskuan jarriz; Kanttonberri karrika komertzio gunea da eta karrika estua izanik, bertan auto sobera biltzen dira, segurtasuna arriskuan jarriz; Julio Caro Baroja karrika eskola- eta kirol-gunea da, espaloirik gabekoa eta horrek segurtasuna arriskuan jartzen du; Altzate karrika eskola- eta denda-gunea da eta hagitz arriskutsuak dira Mukixu zubia, Legia karrikarako sarrera eta ikastolako sarrerako tartea; Altzateko plaza eta Merkatu plaza espaloirik gabekoak dira eta horrek oinezkoen zirkulazioa zailtzen du; Altzateko saihesbideari dagokionez, Altzate karrika ixten denean, JC Baroja karrikan egoera nahaspilatua sortzen da, bi autok elkar gurutzatzeko lekurik gabe eta oinezkoentzako espaloirik gabe eta hori saihesteko konponbidea bilatu nahi du Udalak.

Udaletik batzordean parte hartzeko deia egin dute. Horretarako eta proposamenak egiteko beramugikortasuna@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun