Munduko sokatira txapelketarako bidean da Beti Gazte

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko ots. 18a, 08:30

Beti Gazte sokatira taldeak Irlandara daraman ordezkaritza. Karmelo eta Ander Mitxelena aita-semeak falta dira.

Otsailaren 20tik 23ra lehiatuko dira Lesakako taldeko neskak eta mutilak Irlandako Letterkenny hirian

 

Otsailaren 20tik 23ra munduko sokatira txapelketa jokatuko da Irlandako Letterkenny hirian eta dominen borrokan lehiatzeko itxaropenez abiatuko dira Lesakako Beti Gazteko sokatira taldekoak. Joan den urte hondarrean launakako txapel guztien jabe egin ondotik, Euskal Herriko zortzinakako txapelketan ere lan bikaina egin dute. Jokoan zeuden zazpi txapeletatik bortz irabazi dituzte (gizonezkoek 680, 640 eta 600 kilokoan, emakumeek 540 kilokoan eta mistoa), bigarren izan dira gizonezkoak 560 kilokoan eta hirugarren emakumeak 500 kilokoan. Beraz, kategoria guztietan podioan izan dira.

Ongi prestatu dutela jakitun eta txapelek ematen duten sendotasunarekin, Irlandan ere lan ona egin asmoz joanem dira. Otsailaren 18an, asteartean 15:00etan geldituak dira Lesakako plazan, Biarritzera joan eta Irlandarako hegazkina hartzerko. Mutilek badakite zer den klub artekoan munduko txapeldun izatea: hain zuzen Irlandan, Carlow hirian lortu zuten lehen aldiz 1999an, 560 kilokoan. Urtebete beranduago Herbeheretako Slagheremen 560 eta 600 kilokoa irabazi zituen eta 2004an Glasgown (Eskozia) 600 kilokoan txapeldun izan zen Beti Gazte. Beteranoenek, beraz, badakite zer den sentsazio eder hori, baina gazteak ere dastatzeko gogoz daude. Emakumeek 2010ean Cesenaticon (Italia) parte hartu zuten lehen aldiz munduko txapelketan eta laugarren postua eskuratu zuten, 540 eta 500 kiloko kategorietan. Talde hartatik Karmele Pikabeak bakarrik segitzen du.

Klub artekoan ez ezik, nazioarteko txapelketan ere Euskal Herria (Basque Country) ordezkatzeko eskubidea dute aurten Lesakako klubeko neska-mutilek. 2000. urtean Slagheremen zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu zuten, baina ez dute inoiz nazioka txapeldun izatea lortu. Aurten erronka horri helduko diote Irlandan.

 

Klub artekoa ortzegunean eta ortziralean, nazioartekoa larunbatean eta igandean

Ortzegunean eta ortziralean klub arteko txapelketan lehiatuko dira, gizonezkoak 560 eta 600 kilokoan, emakumeak 540 eta 500 kilokoan eta talde mistoa. Larunbatean eta igandean nazioarteko txapelketa jokatuko dute. Tiraldi guztiak Letterkennyko Aura Leisure Centre kirol instalazioan eginen dituzte. Euskal Herriko ordezkaritza, Nafarroako Beti Gazte, Berriozar, Antsoain eta Txantrea, Arabako Badaiotz eta Bizindar, Bizkaiko Gaztedi eta Murrueta, Gipuzkoako Ibarra eta Lapurdiko Zuraidek osatuko dute.

  • Eneko SALDIAS OTXOTORENA / SARASATE, 1981
  • Beñat ORDOKI TELLETXEA / LESAKA, 1999
  • Beñardo YANCI MITXELENA / LESAKA, 1970
  • Jose Angel MITXELENA MITXELENA / LESAKA, 1972
  • Mikel APEZTEGIA MENDIBERRI / LESAKA, 1985
  • Oskar TELLETXEA MARTIARENA / IGANTZI, 1977
  • Dominique ERRANDONEA / EZPELETA, 1980
  • Julen PALENZUELA ETXEPARE / LESAKA, 1997
  • Gerardo TELLETXEA AIZPURU / LESAKA, 1969
  • Karmele PIKABEA BALEZTENA / SALDIAS-LESAKA, 1980
  • Maria YANCI IRIGOIEN / IGANTZI, 1998
  • Irantzu GOIENETXE BATIZ / LESAKA, 2000
  • Aitziber GOIENETXE BATIZ / LESAKA, 1997
  • Kristiñe TXOPERENA IRIBARREN / LESAKA, 1990
  • Udane ARBELAITZ MATEO / OIARTZUN, 1992
  • Guy LARRALDE / EZPELETA, 1982
  • Unai GURRUTXAGA ERRANDONEA / LESAKA, 1992
  • Ane GURRUTXAGA ERRANDONEA / LESAKA, 1996
  • Amaia LEIZA IGARTZABAL / LESAKA, 1997
  • Oihana MINDEGIA GOÑI / AURTITZ, 1990
  • Udane LOIDI LABANDIBAR / OIARTZUN, 1992
  • Iñigo ALZUGARAI LEGAZKUE / LESAKA, 1988
  • Maialen LOPEZ TAPIA / LESAKA, 1997
  • Arritxu MUXIKA CARRION / LESAKA, 1994
  • Ainhoa UBIRIA SARASOLA / LESAKA, 1990
  • Paskual TABERNA ZUBIRIA / LESAKA, 1972
  • Karmelo MITXELENA MITXELENA / LESAKA, 1974
  • Ander MITXELENA DIAZ / LESAKA, 2004

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun