«Lehen eta orain, sokatirak badu zerbait hagitz berezia dena»

Aitor Arotzena 2020ko ots. 18a, 09:30
Carmelo Mitxelena, Karmelo semea, Marta Diaz erraina eta Ander bilobarekin Agortxeberrin. Sokatirari lotutako familia.

Agortxeberriko Mitxelenatarrak: Sokatirarekin lotutako familia Lesakan

 

Munduko sokatira txapelketan aritzekoak dira Karmelo eta Ander Mitxelena aita-semeak Irlandan. Carmelo, beraien aita eta aitona ere aritu zen Lesakako taldearekin. Sokak ez du etenik.

Nolako zura, halako ezpala. Erranairu horrek erranahi osoa hartzen du Lesakako Nabaz auzoko Agortxeberri baserrian, hiru belaunaldi lotzen baititu sokatirak. Carmelo Mitxelena ‘aitatxi’ Lesakako taldearekin han eta hemen aritu zen XX. mendean. Bere semeak, Karmelo eta Joxe Angel, Nafarroako, Euskal Herriko eta lau aldiz Munduko txapeldun izanak dira Beti Gazterekin. Eta orain, Ander Mitxelena, Carmeloren biloba eta Karmeloren semea, 15 urterekin, Munduko txapelketan parte hartzekoa da Irlandan, aita eta osabarekin batera. Anderren ama ere, Marta Diaz, Nafarroako eta Euskal Herriko txapeldun izan zen Berriozar taldearekin.

Carmelo Mitxelena ‘zaharrak’ ederki gogoan ditu Lesakako sokatira taldearekin 1960. eta 1970. hamarkadetan emandako erakustaldiak eta jokatutako txapelketak. «Pisu librean aritzen ginen herriz herri demostrazioak egiten, Iparraldean udan aunitz. Gizon haundiak izaten ginen, ni ttikixkoena eta ehun kilotik goiti izaten nintzen, zortzien artean mila kilo hurbil ibiliko ginen, hori seguro!», dio irrika. Elizondo, Doneztebe eta Lesakako taldeekin batera Arabako bat ere aritzen zela gogoan du. Bidasoaldeko txapelketa bitan ere irabazi omen zuten. Bera mutikoa zenean ere izaten omen zen sokatira taldea Lesakan, «baina lur gainean aritzen zena, futbol-zelaian». Gaur egun, gustuko du semeak eta biloba sokatiran ikustea eta lehengo eta oraingo taldearen artean alde nabarmenak ikusten ditu: «Oraingo taldeak aunitz zaintzen du janaria, guk batere ez; entrenatu ere ez genuen egiten eta tiratzeko orduan, gu hasieratik indarka hasten ginen eta orain eustera joaten dira».

Lesakako sokatira taldearekin tiran 1960. hamarkadan, Agortxeberriko Carmelo Mitxelena, bigarrena.

 

Munduko txapeldun bortzetan

Bere anaia Joxe Angel bezala, lau aldiz Munduko txapelduna izana da Karmelo Mitxelena Beti Gazterekin klub artekoan. Lehenbiziko urreak duela 21 urte Irlandan lortu zituzten (560 kilotan irabazi zuten orduan Carlowen) eta Irlandarako bidean, zikloa borobiltzeko berriz ere munduko txapeldun izateko itxaropenez da. «Talde polita egina dugu, kosta zaigu, baina beteranoak eta gogoz dauden eta hagitz ongi ari diren gazteak elkartu gara eta pixkanaka hobetzen ari gara. Hamabi urteko geldialdiaren ondotik 2016an bueltatu ginen mundialera, baina orduan dominetatik urrun ibili ginen. 2018an ez ginen Txinara joan, diru-kontuak zirela-eta. Irabaztea zaila da, baina ongi ibiltzeko esperantza badugu aurten», dio Agortxeberrikoak.

Berriozar taldearekin "utzita" ere tiratu du Ander Mitxelena gazteak. Alboan dituen Karmelo aitaren eta Joxe Angel osabaren kontra tiratzea egokitu zaio, baita hauen lehengusua den Beñardo Iantziren kontra ere.

 

Nazioarteko txapelketan ere urrezko domina bat lortua du Karmelo Mitxelenak, 1995ean Gasteizen jokatutako Munduko txapelketan selekzioarekin aritzeko aukera eskaini baitzion Gaztedik 640 kilokoan. «Aurten Beti Gaztek Euskal Herria ordezkatzeko eskubidea irabazia du eta handia izanen litzateke nazioartekoan ere txapeldun suertatzea», dio Agortxeberrikoak.

«Irabaztea zaila da, baina ongi ibiltzeko asmoz goaz Irlandara»

Azkeneko urrezko domina 2004an Eskozian, Glasgown lortu zuen Beti Gaztek, 600 kilokoan. Orduan jakinarazi zien Karmelok taldekideei familiaren esperoan zegoela eta hamasei urte beranduago semearekin mundialera bueltatzea hagitz berezia da: «Egia da harrotasunez betetzen nauela, kontent nago eta ez da kezka handiagoa neretzat, Anderrek berak aukeratu duen zerbait da, ez nik eskatutakoa, ongi ikasten ari da eta berea emanen duela badakit».

 

Karmelo eta Ander Mitxelena aita-semeak, lehenbizikoa eta bigarrena, Euskal Herriko txapelketan.

 

Mundialeko gazteena

Zer ikusi, hura ikasi. Ander Mitxelena Diazek ttikitatik izan du sokatirako afizioa eta umetatik aritu da taldea laguntzen, botillero… Aurten, lehen aldiz tiran ere aritu da, bai Nafarroako baita Euskal Herriko txapelketan ere eta «sentsazio onak izan ditut, esperientzia handiko taldekideekin aritzea beti errazagoa da». Berriozarko taldearekin utzita ere aritu da 600eko txapelketan eta aitaren eta osabaren kontra tiratzea suertatu zaio. Ez da horregatik kikildu, eta «orduan eta gogo gehiagorekin» tiratu duela dio bere aitak. 15 urterekin bere lehen mundialean parte hartzeko aukera izanen du eta Euskal Herriko 23 urtez beheitiko selekzioarekin arituko da, 600 kiloko kategorian: «Erdiak nafarrak gara eta bertze erdiak bizkaitarrak». Seguruenik txapelketako tiralari gazteena izanen da, baina horrek ez dio kezka berezirik eragiten Anderri. Familia osoa Letterkenny aldera joatekoa da, tartean Marta Diaz, Anderren ama ere: «Nafarroako eta Euskal Herriko txapelen bat irabazi nuen Berriozarrekin. Oroitzapen onak ditut, baina ez nintzake bueltatuko erotuta ere, konpetitzeko grina hura apaldu zait erabat. Senarra eta semea ikustearekin, aski! Ander gogoz ikusten dut eta ongi ikasten ari da, gure garaian bizi genuena berak ere bizitzea gauza polita da».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun